Kamiñaldeko lanak ordaintzeko finantziazioa behar duela dio udalak
Lur jausia egonkortu eta beste kalte batzuk ordaintzeko, 17 milioi euro beharko dira. Gertatutakoa argitzeko enpresa bat kontratatu du udalak. San Inazioko auzotarrek agerraldia egingo duteOndarroako Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, 17 milioi eu...
Lur jausia egonkortu eta beste kalte batzuk ordaintzeko, 17 milioi euro beharko dira. Gertatutakoa argitzeko enpresa bat kontratatu du udalak. San Inazioko auzotarrek agerraldia egingo dute
Ondarroako Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, 17 milioi euro beharko dira Kamiñaldeko mendian egiten ari diren lanak eta lur jausiak eragindako beste kalte batzuk ordaintzeko.«Hasieratik, aldundiagaz eta Jaurlaritzagaz bilerak egiten saiatu gara. Aldundikoekin bi bilera egin ditugu, eta Jaurlaritzagaz ezin izan gara batu; guk jarritako hitzorduak behin eta berriro atzera bota dituzte», esan zuen herritarrekin egindako bileran Zunbeltz Bedialauneta alkateak.
Udalak nabarmendu duenez, lanen kostua ezin du bere gain hartu. «Kopuru handi batez ari gara berbetan; udalaren urteko aurrekontua horren erdia baino ez da». Errealitate horren aurrean, Jaurlaritzagaz biltzeko saiakerak egiten jarraituko dutela diote. «Ez dugu amore emango, eta Jaurlaritzagaz elkartzeko saiakerak egiten jarraituko dugu».
Gorriz jantzita
Beste alde batetik, udalak San Inazioko etxebizitzak egin arteko lanak nola egin ziren aztertzeko enpresa bat kontratatu du. Hala, etxeak egin aurreko lan horiei dagozkien dokumentuen espedientea osatu dute, eta falta diren dokumentuak eskatu. Gertatutakoa argitzeko, hain zuzen, dokumentazio hori guztia aztertuko du kontratatu duten enpresak. «Zer gertatu den dakigunean herritarrekin batuko gara».
Lanei dagokienez, mendiko lanak «martxa onean» doaz, eta horrela jarraituz gero, bi hilabeteko epean San Inazio zabaldu ahalko dela gaineratu dute. «Kalea zabaltzeaz gain, bizilagun batzuek etxera bueltatu ahalko dute».
Saiñazio Mendi Azpixan gestorak, beste alde batetik, zapatuan, 11:00etan, San Inazioko biribilgunean gorriz jantzita batzeko deia egin die ondarrutar guztiei.