GED: «Gure erronka parte hartzea izan da, eta emaitza pozik egotekoa da»
Hautesleen %63,68ak eman du botoa. Euskal estatu burujabe bateko herritar izan nahi dutela esan dute 351 ispastertarrek. Gure Esku Dagok herritarrak zoriondu dituIspastertarrek euskal estatu burujabe bateko herritar izan nahi dutela adierazi zuten dome...
Hautesleen %63,68ak eman du botoa. Euskal estatu burujabe bateko herritar izan nahi dutela esan dute 351 ispastertarrek. Gure Esku Dagok herritarrak zoriondu ditu
Ispastertarrek euskal estatu burujabe bateko herritar izan nahi dutela adierazi zuten domekan. Euskal estatuari buruz iritzia emateko herri galdeketa egiteko hautestontzia 09:00ak orduko jarrita zegoen frontoi zaharrean, eta herritarrek ez zioten hutsik egin Gure Esku Dagoren deiari.592 ispastertarrek izan zuten botoa emateko eskubidea, eta hautesleen %63,68k eman zuen botoa (377 bozka). Ispasterko Gure Esku Dago dinamikako batzordekideak pozik agertu ziren. «Gure erronka parte hartzea izan da, eta %63,68ko emaitza pozik egoteko modukoa da».
Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan? galderari erantzun zioten, eta zenbaketa osoa eginda, 351 baiezko (%93,10), 10 ezezko (%2,65), 2 baliogabe (%0,53) eta 14 boto zuri (%3,71) jaso ziren. Pozez eta emozioz bete agertu ziren Gure Esku Dagoko kideak. «2014an Durangon hasi ginen honegaz guztiagaz, eta 2014ko abenduan galdeketa herrian egiteko proposamena egin ziguten. Han hasitako ibilbidearen lehenengo helmuga puntua gaurkoa izan da». Era berean, eskerrak eman zizkieten burubelarri lanean jardun dutenei. «Eskerrak eta zorionak ispastertar guztiei, parte hartzeagatik, emandako erantzunagatik».
Antolaketa, bikain
Baina beraiek, Gure Esku Dagoko batzordekideek jaso zituzten eskerrik beroenak, txalo zaparrada eta «zorionak zuei» beroenak, erakutsitako konpromi- so eta egindako elkarlanagatik.
Berme Batzordekoen esanetan, «oso ondo antolatuta» eduki zuten herri galdeketa, eta «protokoloa guztiz bete» zuten.
Aurpegi ezagunen artean, Iñaki Antiguedad Ispasterko Gure Esku Dagoren kidea egon zen: «Ispasterren badugu ingurukoei esateko zer egin; ikasgaia eduki dugu azken hilabeteetan, eta orain, irakasgaia edukiko dugu. Zaila da batzea, baina merezi du esfortzu hori egiteak. Kultura sozio-politiko berria behar dugu», adierazi zuen, ekimenaren balio erantsia nabarmenduz. «Garrantzitsua da jendeak botoa ematea, duda barik, baina garrantzitsuagoa da orain arteko eta hemendik aurrerako prozesua». Etiketen gainetik, herritarrak gauza gehienetan adostasunera ailega daitezkeela uste du: «Ea gai garen iraganaren zamaren gainetik egiteko». Horren harira, politika serioago bat egitea eskatu zuen Antiguedadek, sozialagoa.
Eguzkia lagun, giro ezinhobea egon zen Ispasterren egun osoan. Lea-Artibaitik eta Busturialdetik etorri zirenak asko izan ziren; azken horiek oinezko ibilaldian egin zuten plazan sarrera, beraien desioak jasotzen zituen pankarta bati eutsita.
Plazan bilduta zeuden ordurako ume, gazte zein helduak. Hiru adin tarteko herritarren arteko herri kirol ikuskizunaren inguruan; animo eta txalo artean, adin ertainekoek eraman zuten lehen postua: 30-44 urte bitartekoek. Gazteak izan ziren bigarrenak.
14:00etan bertsolari eta alboka jotzaileen saioa hasi zen, eta etenik barik jarraitu zuten ekimenek gauera arte. Irribarre eta barre algarak eragin zituzten Xabat Galletebeitia, Ander Elortegi eta Jon Aranok, entzuleen parte hartzeagaz. Eta txikienen gozamenerako, arratsaldeak tailerrak ekarri zituen. Puzgarririk ere ez zuten falta izan. Blup! taldearen kontzertuagaz eman ziote amaiera erabaki eskubidearen aldeko egunari.
Adierazpen Egunak
Ispasterrek herri galdeketa egin zuen egun berean edo bezperan, Lea-Artibaiko, Mutrikuko eta Busturialdeko Gure Esku Dagoko taldeek ekintzak egin zituzten. Gehienak Adierazpen Egunak izan ziren, eta talde ezberdinen parte hartzeagaz, herriak kolorez jantzi zituzten Mutrikun, Ondarroan, Mendexan, Lekeition, Markina-Xemeinen, Aulestin, Gernika-Lumon eta Busturian.