Eskola Agenda 21 ekimenaren baitan,
Eskola Foroa eta Udal Foroa egin ziren barikuan Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Ikastetxe guztietako ikasleak batu ziren lehenengo Eskola Foroan, eta ondoren Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek, Benito Ibarrolaza alkateordeak eta ingurumen zinegotzi Irune Ormaetxeak harrera egin zien ikasle, guraso eta irakasleei.

Ikasleak Bermeoko Udaleko ordezkariei aurten egindako lana azaltzen. Argazkia: Bermeoko Udala
Aurten, ikasturtean zehar,
hondakinen kudeaketa lantzen ibili dira ikasleak. Egoeraren
diagnostikoa egin dutela azaldu zuten, galdetegiak eginda gurasoei eta herriko dendetan. Horien bidez ondokoa ondorioztatu dute: “Orokorrean, Bermeon
beira, papera eta ontziak ondo birziklatzen dira, euren edukiontzietara botata.
Olioa, DVDak, CDak eta tinta kartutxoak, boligrafoak…
ez dira ondo birziklatzen“.
Udal foroa aprobetxatu zuten, gainera, Bermeoko Udalari zenbait proposamen egiteko. Modu horretan, herritarrei ontzien erabilera eta kokapenari buruzko informazio gehiago ematea, ontziak sarriago hustea, jolas parkeetan paperontzi hori txikiak jartzea eta Garbigunearen ordutegia luzatzea proposatu dute ikasleek.
Idurre Bideguren alkatearen arabera, “oso garrantzitsua da herriko ikastetxeek gure ingurumena zaintzearen alde hartzen duten konpromisoa, garapen iraunkorraren garrantzia txikitatik landu eta barneratu dezaten”.