20 eta 24 urte bitarteko kategorian, sprint modalitatean, 5. sailkatu zen atzo Joanes Goitisolo, eta Javier Goitia 8. geratu zen.
Avilesen (Asturias, Espainia) lehiatu zuten atzo Munduko Duatloi txapelketa. Munduko 36 herrialdetako 433 atletek parte hartu zuten, eta horietatik 33 atleta izan ziren 20 eta 24 urte bitartekoak.
Emakumezko zein gizonezkoen kategoria desberdinak lehiatu dituzte asteburuan: 24 urtez azpikoa, elite, master, junior, kadete eta paraolinpikoa.
Sailkapen orokarri dagokionez, Goitisolo 15.en sailkatu zen eta Goitia, berriz, 25.ena izan zen.
Ordu bete, minutu bat eta bost segundoko denboran amaitu zuen proba Goitisolok (irabazlearengandik 20 segundora), eta Goitia harengandik hamabost segundora sailkatu zen.
Xabier Tijero barakaldarra nagusitu zen.
Proba hasteko 5 kilometro korrika egingo dituzte, ondoren, bizikletara igota 20 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta amaitzeko, 2,5 kilometro egingo dituzte arineketan.
Esperientzia berri honetan “gustura” aritu direla adierazi dute gernikarrek: “Esperientzia oso polita izan da. Proba oso arina izan da, sufritzea ere tokatu zaigu zenbait unetan, baina, gustura ibili gara”.
Goitisolo indartsu ibili zen, batik bat korrikan, eta gutxigatik geratu zen podiumetik kanpo. Goitiak, berriz, bizikleta gainean du esperientzia eta bizikletako proban korrika baino hobeto ibili zela azaldu du: “Bizikleta proba nahiko arriskutsua izan zen; tarte batean tropelean partaide asko joan ginen, eta eroriko asko izan ziren”.

Javi Goitia (ezkerrean) eta Joanes Goitisolo (eskuman).