Gernika Rugby taldeak ondo bideratu du mailaz mantentzeko kanporaketa
Atzo Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatu zuten mailari eusteko kanporaketaren joaneko partida, eta talde gernikarra 7-35 nagusitu zen CAU Rugby Valenciaren kontra. Talde valentziarra mailaz igotzeko ari da kanporaketa jokatzen.
Domekan (hilak 12) jokatuko dute bueltako partida Urbietan.
Basurdeek hasierako minutuetatik gogor estutu zuten aurkaria. 5. minutuan, Sebastian Joel Berterok entsegua egin, eta transformatu zuen. Hala, 0-7 aurreratu zen talde gernikarra.
Handik gutxira Mauro Amorrek gernikarren bigarren entsegua egin zuen, eta Berterok transformatu zuen (0-14).
Etxeko taldea erasoan ahalegindu arren, basurdeen defentsa lan bikainak haien ahaleginak ezerezean utzi zituen.
Atsedenaldira heldu aurretik, beste bi entsegu lortu zituen Gernika Rugby taldeak, eta 0-28-ko markagailuagaz amaitu zuten lehen zatia.
Atsedenalditik bueltan etxekoak markagailuko aldea murrizten saiatu ziren, eta jokalari bat gehiagogaz zeudela aprobetxatuta lehen entsegua lortu zuten. 7-28 jarri ziren markagailuan.
Hala ere, gernikarrak nagusi ziren, eta 77. minutuan Mauro Amorrek bere bigarren entsegua egin zuen. Halaber, Berterok ere beste entsegu bat lortu zuen partida amaitu aurretik.