Bermeoko udal liburutegiak antolatzen duen Bermeo Uria narrazio lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin zuten barikuan, Nestor Basterretxea aretoan.

Bermeo Uria narrazio lehiaketako parte hartzaileak. Argazkia: Bermeoko Udala
Herriko ikastetxe guztietako ikasleek parte hartu dute lehiaketan, hau da, 9 urtetik 18 urtera bitarteko ume eta gazteek. Hala, ohi legez, sariak ere kategorietan banatu zituzten, eta honakoak izan dira aurtengo irabazleak: Laia Seco Vilar, Lur Martinez Azkarate, Olaia Huelga Gomez, Ane Apraiz Jauregizar, Kristina Bilbao Hernandez eta Miren Aizpuru Bilbao. Irabazle bakoitzak liburuak, Luma liburu dendan gastatzeko txeke bat eta diploma bat jaso zuen.
Bigarren sailkatuak, berriz, honakoak izan ziren: Igor de Prado Bilbao, Enaitz Laso, Lexuri Lezamiz Abaroa, Irati Agirre Aspiazu, Maialen Agirre Aspiazu eta Leire Elezgarai Bulukua. Horiek guztiek liburuak eta diploma bana jaso zituzten. Hala ere, parte hartzaile guztientzako diplomak banatu zituzten. Gainera, iazko irabazleen ipuinekin osatutako liburuxka ere banatuko diete ikastetxeetako umeei.
Aretoa beteta
Urtero legez, Nestor Basterretxea aretoa bete egin zen barikuan. Banan-banan agertokira igota, saridunek “pozik” hartu zituzten sariak, familiaren eta lagunen aurrean.
Sari banaketa ekitaldia, gainera, Arimaktore kultur elkarteak girotu zuen ipuin kontalari saioagaz.