Gernikako Sarek 'Ekarriz banaz' manifestaziora joateko deia egin du
Euskal presoak hurbiltzeko helburuagaz, bateratzea egingo dute, barikuan. 'Ispilue' ekimenean egindako testigantzak biltzen dituen liburuaren aurkezpena ere egingo duteEkarriz banaz lelopean manifestaldia egiteko deia luzatu du Gernika-Lumoko Sarek bar...
Euskal presoak hurbiltzeko helburuagaz, bateratzea egingo dute, barikuan. ‘Ispilue’ ekimenean egindako testigantzak biltzen dituen liburuaren aurkezpena ere egingo dute
Ekarriz banaz lelopean manifestaldia egiteko deia luzatu du Gernika-Lumoko Sarek barikurako. Merkurio Plazatik irtengo dira 20:00etan, eta ondoren, ekitaldia egingo dute, Pasealekuaren ondoko auditorioan.Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko Sare herritarrak ikasturtean garatu duen Ispilue proiektuaren barruan kokatzen da etziko manifestazioa. «Ikasturtean zehar egin ditugun ekintzen ispilu bat izatea nahi dugu», azaldu du Ibon Meñika sarekideak.
Gernika-Lumon gehiengo sozial nagusiak dispertsioagaz amaitzeko nahia eta pentsamendua kaleratzeko aukera bat izango dela dio Meñikak: «Modu pasiboan adierazten den iritzi horri buelta eman eta modu aktiboan bilakatu nahi dugu, Gernika dispertsioagaz amaiatzearen alde dagoela irudikatzeko».
Agerraldian, dispertsioaren inguruko hainbat herritarren testigantzak biltzen dituen Erradiografiak. Gernikako dispertsioaren ispilua liburua aurkeztuko dute, azken hilabeteetan burututako lanaren emaitza.
Liburuxka horretan, psikologo, irakasle, mediku, senide eta beste herritarren hamasei testigantza biltzen dira. Argazkiak eta kazetari zein diseinugileen ekarpenek osatzen dute liburuxka hori. «Gure gizarteak bizi duen errealitatea islatu nahi izan dugu lan honetan».
Hitza herriari
Izan ere, liburuxkan presoen senide eta lagunen hitzetik haratago, dispertsioaren beste testigantzak bildu nahi izan dituzte, herritarren hitzei esangura handiagoa emateko helburuagaz. «Ez geneukan tresna bat da; liburua preso eta senideen errealitatea gernikarren artean ikustarazteko erreminta bat da», gehitu du. Manifestazioaren ostean egongo den ekitaldira bertaratzen direnek liburu horren ale bana jasoko dute.
Ispilue proiektua
Ikasturtean burutu eta amaitzear dagoen Ispilue proiektua gizartearen eta sarekideen konpromisoa bilatzen duen ekimena da. 2015eko urrian jarri zuten martxan, eta alor ezberdinetako jendearen inplikazioa bilatzea du erronka, aniztasunean, ezberdinen artean, denak dispertsioagaz amaitzeko helburuagaz elkarlanean aritzeko.
Ispilue proiektuaren bitartez, eduki ez dituzten tresnak sortu gura izan dituzte, sakabanaketagaz amaitzeko eta egiten duten lana ezagutzera emateko. Horren adibide dira, besteak beste, egin izan dituzten lan tailerrak, mintegiak edota barikukoa bezalako manifestazioak.