«Errefuxiatuak salduta daude kanpoko laguntza barik»
Enara eta Oihana Goikoetxea ahizpa ondarrutarrak orain bi aste joan ziren Idomeniko errefuxiatuen kanpalekura laguntzera, mediku eta erizain modura, hurrenez hurren.Greziako Polizia Idomeniko kanpalekua desegiten hasi zen atzo goizaldean. Ehunka polizi...
Enara eta Oihana Goikoetxea ahizpa ondarrutarrak orain bi aste joan ziren Idomeniko errefuxiatuen kanpalekura laguntzera, mediku eta erizain modura, hurrenez hurren.
Greziako Polizia Idomeniko kanpalekua desegiten hasi zen atzo goizaldean. Ehunka poliziak kanpalekurako sarbideak itxi zituzten, eta boluntario nahiz kazetariak handik aterarazi. Kanporatu zituzten boluntarioen artean zeuden Enara eta Oihana Goikoetxea Osa ondarrutarrak. Maiatzaren 11z geroztik, Idomeniko kanpalekuan laguntzen aritu dira; Alivio Dolores izeneko klinika mugikorrean osasun arreta eskaini dute.Kanpalekua desegitea espero zenuten?
Enara Goikoetxea: Azken egunotan ez digute kanpalekura sartzen utzi, eta atzo [herenegun], polizia kontrolak saihestu, eta beste bide batetik sartzea lortu genuen. Gaur goizean [atzo] kanpalekua hutsarazi egingo zutela pentsatuaz, bertan gelditzea pentsatu genuen. Azken momentuan irten egin behar izan dut, eta poliziak irteteko aginduagaz etorri direnean, ahizpa zegoen kanpaleku barruan.
Enara Goikoetxea: Azken egunotan poliziaren presentzia ohikoa baino nabarmenagoa zen, eta giroa ere ezohikoa zen. Jendea oso etsituta ikusi dugu azken orduotan, ez zekien zer egin… eta hutsaraztea momentu batetik bestera izango zela argi ikusten zen. Hori dela eta, bertan lotan geratzea erabaki genuen.
Zelan izan da hutsaraztea?
O.G.: Gaur 00:30ak inguruan [bart], lo nengoela, bost polizia sekretu kanpoan zeudela esanez esnatu naute. Gauzak hartu eta kanpora joateko agindu digute, bestelakoan, atxilotu eta polizia etxera eramango gintuztela eta. Denok batzeko zain egon gara, eta tarte horretan, gure gainean egon dira inor falta ez zela ziurtatzeko. Ostean, auto batean sartu gara, eta kanpalekutik kanpora geundela ziurtatu arte, polizia gure atzetik etorri da, gu eskoltatzen. Hori bai, gure taldeko bi kidek bertan geratzea lortu dute, ezkutatuta. Eta arriskutsua baldin bada ere, lantzean-lantzean eurekin komunikatzeko aukera dugu.
Eta barruan geratu direnen arabera, zer informazio duzue?
E.G.: Informazioa tantaka ailegatzen zaigu, baina dakigunarenarabera, orduro-orduro, errefuxiatuz betetako autobuskadak ateratzen ari dira. Momentuz, kanpaleku sarrerako zatia hutsarazi dutela jakitera eman digute. Polizia txakurrekin sartu dela ere esan digute. Gure lagunen egoera oso arriskutsua da, eta hori dela eta, ezin digute barruko argazkirik bidali ere egin, eurak non dauden tokia ez aurkitzeko.
Errefuxiatuak nora eramaten ari diren ba al dakizue?
O.G.: Inork ez daki argi. Harremana daukagun familia bategaz berba egiteko aukera eduki du- gu; autobusean sartu dituzte, eta ez dakite nora daramatzaten. Dakigunaren arabera, etnien arabera ari dira autobusak antolatzen. Arabe jatorrikoekin hasi dira, eta hurrengoak nortzuk izango diren ez dakigu.
Kanpoko inor ez dute nahi barruan geratzea. Zergatik izan daitekeela uste duzue?
O.G.: Gure ustez, eurek nahi duten guztia egin ahal izateko, eta oztoporik ez edukitzeko, baina, batez ere, errefuxiatuek laguntasunik ez edukitzeko. Orain arte, boluntarioen lana izan da jatekoa lortzea, osasun arreta ematea, zeuden arazoei irtenbidea ematea, zer edo zer falta bazen sartzea… Boluntariorik egon ezean, ez daukate ezer. Hemendik aurrera errefuxiatuen etsipena handiagoa izango da. Errefuxiatuak salduta daude kanpoko laguntza barik; aukera barik.
Bi aste daramatzazue Idomenin. Ze egoera aurkitu duzue?
E.G.: Hemen aurkituko genuenaren ideia bat bagenuen, baina bertora ailegatzen zarenean ez du zerikusirik. Euren bizitza atzean laga, eta gerratik ihesean etorri diren hainbeste familia daude hemen pilatuta, 8.000 lagun baino gehiago zelai txiki batean, eta gehienak, gainera, umeak dira. Ez gara kontziente zer egoera latz bizi duten, eta nire ustez, han daudenen ahotsa entzun beharra dago. Horretarako, baina, lan gehiago egin beharra dago. Gaur Idomeni hutsarazi duten modura, hurrengo egunotan alboko beste bi edo hiru kanpaleku ere hutsarazi nahi dituzten zurrumurruak entzun ditugu. Hau da, beste, 3.000 bat lagun kanporatuak izango dira.
Hurrengo orduei begira, zein da zuen asmoa?
O.G.: Gure asmoa ondorengo orduetan hemen gertatzen ari dena ahalik-eta gehien zabaltzea da. Guk, berez, barikuan etxera buelta egingo dugu, baina barikura arteko lana orduz ordu joango gara antolatzen.