115 lagunek parte hartu dute Gizaburuagako II. BTT lasterketan
Inguruetako herrietakoak izan dira parte hartzaile gehienak, Lekeitiokoak, Markina-Xemeingoak eta Busturikoak, besteak beste. Basa zegoela eta, ibilbide bat aldatu zutenBizkai osotik etorritako 115 txirrindulari batu ziren joan den domekan, Gizaburuaga...
Inguruetako herrietakoak izan dira parte hartzaile gehienak, Lekeitiokoak, Markina-Xemeingoak eta Busturikoak, besteak beste. Basa zegoela eta, ibilbide bat aldatu zuten
Bizkai osotik etorritako 115 txirrindulari batu ziren joan den domekan, Gizaburuagan egin zen Eskolarteko II. BTT proban. Antolatzaileen esanetan, inguruetako herrietatik etorritakoak izan ziren asko eta asko; Lekeitiokoak, Markina-Xemeingoak, Ondarroakoak, Busturikoak… Denak ere, bizikletaz ibiltzeko gogo handiagaz joan ziren Gizaburuagara.Aurreikusitako kopurua baino gutxiago izan baziren ere, emaitzagaz oso gustura geratu dira proba antolatzen ibili diren Gizaburuagako Udaleko eta Lekeitialde Txirrindulari Elkarteko kideak, eta datorren urtera begira ere proba antolatzeko asmoa agertu dute; udaberri aldean izango da hirugarrena ere.
Proba egitera animatu zirenek «ondo pasatzeko aukera paregabea» eduki zutela nabarmendu dute antolatzaileek. «Aurreko egunean euri asko egin zuen, eta, hortaz, prestatutako zirkuituan basa asko batu zen. Ez zen iazko beste egon, eta, beraz, gaztetxoek ondo pasatzeko aukera eduki zuten».
Adineka
Parte hartzaileek adineka banatuta egin zituzten probak, eta adinaren arabera, ibilbidearen luzera eta zailtasuna handitzen joan ziren. Txikienak udaletxe atzeko zelaian prestatutako zirkuituan ibili ziren bizikletan, eta nagusienak, ostera, bide horitik zehar ere igarotzen zen zirkuitua bete behar izan zuten.
Basa asko batu zenez, 13 eta 14 urte bitartekoen ibilbidea zer edo zer moztu egin behar izan zuten; bestelakoan, beste ibilbideak bere horretan mantendu zituzten.
Kirola egin eta parte hartzea bultzatzea dute helburu antolatzaileek; hori dela eta, denek izan zuten saria lasterketaren amaieran.