Bermeok 3-0 galdu du igoera kanporaketaren joaneko partida
Bermeo futbol taldeko Zuluetak izan zuen lehen gol aukera, baina ezker zutoinera bidali zuen baloia. Lehen ordu laurdena beteta, etxekoak bizkortu eta arriskua sortzen hasi ziren.
Arkaitz Bermeoko atezainak lan itzela egin behar izan zuen Ejidoren erasoak saihesteko.
Javilillo Ejidoko jokalariak sartu zuen 1-0-ekoa. Handik gutxira, 32. minutuan, Samu Corralek sartu zuen etxekoen bigarren gola, eta atsedenaldira heldu aurretik hark sartu zuen hirugarren gola.
Vadilloren mutilak burumakur joan ziren aldageletara. Aurkariaren zelaian gola egiteak duen garrantziaz jakitun, Bermeoko jokalariak markagailuko aldea murrizten saiatu ziren bigarren zatian, baina, Ejidoko jokalariek bermeotarren eraso-jokaldiak gelditzen asmatu zuten.