Busturialdeko II. Enpresa Ideien Lehiaketara aurkeztu eta
irabazi ostean, Sotapatroi aurkezteko unea iritsi zaie Iban Bilbao, Igor Etxaburu, Mikel Basterretxea, Markel Fernandez eta Eneko Ruiz bermeotarrei. Asteburu honetan,
Arrain Azokan izango dute
jendaurrean aurkezteko aukera.
Mikel Basterretxea, Igor Etxaburu eta Iban Bilbao
Arrain Azokaren baitan aurten jarriko duten
LOG gune berrian egongo dira, eta han aurkeztuko dute garatutako proiektua; «barikuan eta zapatuan 19:30etik 21:00etara, eta domekan, berriz, 14:00etatik 15:00etara», dio Bilbaok.
«
Aisialdirako itsasontzietan segurtasuna hobetzen duen sistema bat da Sotapatroi. Patroiak eskumuturrean eramango lukeen
pultsera bat litzateke oinarria», azaldu dute: «Pultsera horrek seinale bat igorriko luke eta, patroia uretara eroriz gero, seinalea emititzeari utziko lioke, ontziaren motorra amatatuz». Harigabeko sistema bat da, hain zuzen ere. Basterretxeak azaldutakoaren arabera, «metro bateko kable bateko segurtasun sistema bat dago gaur egun, hori baina inork ez du erabiltzen, kable horri lotuta, lan egitea zailagoa baita».
Sistemaren funtzionamendua azaltzeko, Arrain Azokan jostailu bat erabiliko dutela esan du Bilbaok. Bestalde, biharko
batel estropadetan,
11:30ak aldera, erakustaldi bat ere egingo dute, portuan. «Ontzi bateko patroiari jarriko diogu pultsera, eta uretara jausten denean, gutxi gorabehera, 25 metro ingurura dagoenean ontzia zelan gelditzen den ikusi ahalko dute bertaratutakoek», dio Etxaburuk. Izan ere, azaldu dutenez, «ontzia ez da ibilgailu bat, azeleragailua jotzeari uzten diozunean geratu egiten dena. Ontziak martxan jarraitzen du; beraz, sistemak geratu egiten badu, patroiak aukera izango du igeri egiten ontzira iristeko».
Arduino eta iBeacon teknologi askeetan oinarrituta eta ontziko VHF irratira konektatuta dagoen sistema da. Hala, patroia ontzira denbora jakin baten bueltatu ezean,
Sotapatroik bigarren segurtasun sistema bat ere baduela azaldu dute: «Patroia denbora zehatz batean ontzira bueltatzen ez bada, sistemak beste seinale bat aktibatuko du, eta, irrati bidez, larrialdi abisua emango lieke bai Itsas Salbamenduari, bai eta ondoan dauden ontziei ere».
Produktua badute, eta Arrain Azoka aprobetxatu gura dute
merkatu azterketa bat egiteko: «Besteren artean, jendeak gure produktua zelan ikusten duen jakin gura dugu, bai eta zenbat diru ordainduko luketen horrelako sistema batengatik. Hala, proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko gai izango gara».
Jolas bat hiru egunetan
Herritarrak erakarri asmoz,
jolas bat ere prestatu dute: «Sotapatroiren
logotipoa ezkutatuko dugu nonbaiten, eta aurkitzen duenak
logotipoagaz argazkia bidali beharko digu emailez edota sare sozialen bitartez. Barikuan, zapatuan eta domekan bidali ahalko dira argazkiak. Ondoren, parte hartzaile guztien artean otzara bat zozkatuko dugu. Astelehenean egingo dugu zozketa», azaldu dute.
Sotapatroik izango duen erakusmahaian informazio orriak banatuko dituzte, eta horietan izango dituzte herritarrek logotipoa aurkitzeko argibide bat edo beste.