Leheneratzeaz berbetan
Goiko Portaleko iturria berreskuratzeko proiektua azaltzen dabil herritarrei Markina-Xemeingo Udala. Juanjo Txurruka alkateak hitzaldia eman du Uhagonen, egon litezkeen zalantzak argitzekoMarkina-Xemeingo Udalak Goiko Portaleko iturria berreskuratzeko ...
Goiko Portaleko iturria berreskuratzeko proiektua azaltzen dabil herritarrei Markina-Xemeingo Udala. Juanjo Txurruka alkateak hitzaldia eman du Uhagonen, egon litezkeen zalantzak argitzeko
Markina-Xemeingo Udalak Goiko Portaleko iturria berreskuratzeko duen proiektua azaldu zuen Juanjo Txurruka alkateak, joan den barikuan, Uhagon kulturgunean eskaini zuen hitzaldian. Herritarrekin eta herriko eragileekin batzen ari da udala, proiektuak herritarren artean sortu dituen kezkak eta zalantzak aurrez aurre argitzeko.Aldeko eta kontrako iritziak batu ziren hitzaldian. Erabakiaren azken hitza zeinek zeukan galdetu zuten, esaterako, eta herritarren artean galdeketa bat egiteko proposamena ere egon zen. Behin egitasmoa ezagututa, proiektuari onespena eman ziotenak ere asko izan ziren.
Balio handiko iturria
Goiko Portaleko iturriak duen garrantzi handia azpimarratu zuen hitzaldian alkateak, bere garaian aitzindaria izan zen eta. Beraz, iturria balioan jarri behar dela esan zuen. Horretarako, baina, Pragako Ume Jesusen irudia kendu beharra dagoela argitu zuen, «iturria ezin da-eta berreskuratu irudia erretiratu barik».
Alkateak gogora ekarri zuenez, iturria 1788 urtean eraiki zuten, eta goiko partean zeukan perinola kenduta, Pragako Ume Jesusen irudia 1923an ezarri zioten gainean. «Momentu honetan, batak besteagaz zerikusirik ez duten eta zentzu ezberdina daukaten bi elementu daude batera. Obra zibil eta publikoa da bata, eta erlijiosoa bestea».
Elementu biak «errespetu osoagaz» espazio publiko ezberdinetan kokatzea dela asmoa azaldu zuen Juanjo Txurrukak. «Iturriari berriro ere perinola jarriko zaio, eta Pragako Ume Jesusen irudia Zapolako kareharrizko bi metroko idulki baten gainean jarriko dugu».
Iturria leheneratzeko asmoa aspaldiko proiektua dela jakitera eman zuten Uhagoneko hitzaldian, aurreko agintaldietatik datorrena, baina orain arte ez dela gauzatu.
Udalari une aproposa dela begitantzen zaio leheneratzea egiteko; «gizarte anitz batean bizi garelako». Hori dela eta, aurten burutzeko asmoa dutela aitatu zuen alkateak.
Adierazi dutenez, udalaren asmoa ez da inoren kontra joatea. «Gure nahia Markina-Xemeingo ondarea eta historia guztiz berreskuratzea da». Eta bide horretan, beste proiektu batzuk ere lantzen dabiltzala aurreratu zuen alkateak.