Gurutze Gorria eta Mankomunitatea elkarlanean, ahulenei laguntzeko
Gizartetik kanpo gelditzeko arriskuan daudenei eta pertsona nagusiei laguntza emateko, akordioa sinatu dute Busturialdeko Mankomunitateak eta Gurutze Gorriak ander zarragaBusturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta eskualdeko Gurutze Gorriak g...
Gizartetik kanpo gelditzeko arriskuan daudenei eta pertsona nagusiei laguntza emateko, akordioa sinatu dute Busturialdeko Mankomunitateak eta Gurutze Gorriak ander zarraga
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta eskualdeko Gurutze Gorriak gizartetik kanpo gelditzeko arriskuan daudenei eta pertsona nagusiei laguntza emateko, gizarteratze arloko hitzarmena sinatu dute. Helburua boluntariotza uztartzea eta gizarteko sektore ahulenei laguntza ematea da.Hitzarmena sinatu zuten Ana Hormaetxe Ugalde Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidenteak eta Jose Maria Elordui Gurutze Gorria Gernikako presidenteak. Bere aldetik, Mankomunitateak 14.982 euroko ekarpena egingo du, egitekoak diren ekintzen zati bat finantzatzeko.
«Jendartearen dinamizazioak garrantzia dauka ekimena aurrera eramateko, herritarren parte hartzea eta boluntariotza izango delako ekimen honen ardatz nagusia», esan zuen Hormaetxek.
Hiru esparru nagusitan elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dute bi aldeek: pertsona nagusientzako hurbiltasuna eta laguntza programa, ahulezia egoeran dauden herritar eta familiei babes ekonomikoa eta komunitate arloan partaidetza sustatzea boluntariotzaren bidez.
Hitzarmen horren bitartez, Gurutze Gorriak bi proiektu jarriko ditu martxan. Alde batetik, gizartetik kanpo gelditzeko arriskuan dauden pertsona eta familiei laguntza ekonomikoa emango die, etxeko hileroko premiazko gastuei aurre egiteko. Horrela, etxeko lehengaiak, janaria, garbiketa tresnak eta haurrentzako premiazko gauzak erosteko laguntza ekonomikoa emango die.
Zortzi hilabeteko iraupena
Beste alde batetik, pertsona nagusi eta aniztasun-funtzionala daukaten herritarrei hurbiltasun eta laguntza programa jarriko da martxan. Pertsona horiek beraien etxean eta ingurunean bizitzen jarraitu dezaten, autonomia pertsonala eta gizarteratzea sustatuko dute, bakardade egoerei aurre eginez. Horretarako informazio, teknologia eta bolondresen laguntza edukiko dute. «Pertsona nagusien kolektiboa da gaur egun egoera ahulenean dagoena, eta Gurutze Gorritik dependentzia egoerari erantzuna eman nahi diogu, hurreratze ekintzen bitartez», adierazi zuen Elorduik.
Lankidetza hitzarmen horrek zortzi hilabeteko iraupena izango du, 2016ko maiatzaren 1ean hasi eta abenduaren 31ra arte.