Aurreko domekan Bilboko La Casilla-n jokatu zuten Emakumezkoen Kadete mailako Azken Fasea.
Gernika-Lumoko taldeagaz batera, La Salle, Lauro eta Mungia taldeek jokatu zuten azken txanpa.
Gernikak Laurori 27-63 irabazi zion, eta Mungiak 53-62 galdu zuen La Salleren kontra. Ondorioz, La Salle da aurtengo azpitxapelduna.
Gernika KESB taldearen partidari dagokionez, nagusitasun osoz jokatu zuten gernikarrek. Erritmo biziz, intentsitatea mantenduz, aurkaria gogor estutzen asmatu zuten Gernika KESB-eko jokalariek.
Hasieratik, kanpoko zein barruko jokaldietan nagusi zen talde gernikarra, eta minutuek aurrera egin ahala, bi taldeen arteko aldea gero eta nabarmenagoa zen.
Bestalde, Gernika-Lumoko taldeko gazteak hirugarren sailkatuta bueltatu ziren La Casillatik (Tabirako nagusitu da gazteetan). Barikuan, 66-60 galdu zuten Tabirakoren kontra. Zapatuan, GetxoSaskik 32-61 irabazi zieten, eta domekan, ostera, 56-54 gailendu ziren Loiola Indautxuren kontra.
Argazkia: Gernika KESB.
Espainiako txapelketa
Hurrengo asteburuan, maiatzaren 22an hasita, Espainiako Kluben Emakumezkoen Kadete txapelketa jokatuko dute Gernika KESB-eko kadeteek.
Hilaren 22an, 11:00etatik aurrera C.P Agustinos taldearen kontra jokatuko dute. Biharamunean, ordu berean, La Salle Melillaren kontra ariko dira, eta martitzenean, berriz, Estudiantes Lugo Leyma Natura taldearen kontra lehiatuko dira, 11:00etan hasita.
Horiek jokatuta finalerako txartela lortzen badute, hilaren 28an jokatuko dute finala. Halaber, egun horretan 3. eta 4. postuak erabakitzeko neurketak ere jokatuko dituzte.