Emakumeak kalean korrika egiteko taldea eratu gura dute
Bermeoko Kirol Patronatuak Andrak korrika? Bai, zergatik ez? Ahal da eta ahal dozu ekimena antolatu du zapaturako. Hain zuzen ere, kalean korrika egiten hasi gura duten 30 urtetik gorako emakumeei zuzendutako ekimena da. Izan ere, saio horren bitartez, emakumeak kalean korrika egiteko hasierako talde bat sortu gura dute.
Zapatuan batuko dira, 10:30ean, Araneko kiroldegian. Parte hartu gura duten andreek kiroldegian bertan eman beharko dute izena.
Irune Ormaetxea kirol saileko zinegotziak azaldutakoaren arabera, “ekimen honen bitartez, kirol ohiturak ez dituzten emakumeei hasierako bidean laguntza eman gura zaie”. Gainera, dioenez, “jarduera fisiko osasuntsu eta dibertigarri batez baliatuz, emakumearen ahulduntzearen eta ikusgaitasunaren elkargunea sortu gura dugu, eta honetan, edonork aurki dezake parte hartzeko eta egokitzeko aukera”. Era berean, emakumeen bestelako “eredu eta irudiak” sortu eta bultzatu gura dituztela nabarmendu du.