Eskola txikiek duten bizitasuna
Busturialdeko Eskola Txikien jaia egin zuten barikuan, Ean; goizean batu, eta antzezteko, kantatzeko, jolasteko eta elkarregaz bazkaltzeko aukera eduki zuten 420 ume inguruk.Busturialdeko Eskola Txikien jaia hartu zuen barikuan Eak. Natxituko Haizeder ...
Busturialdeko Eskola Txikien jaia egin zuten barikuan, Ean; goizean batu, eta antzezteko, kantatzeko, jolasteko eta elkarregaz bazkaltzeko aukera eduki zuten 420 ume inguruk.
Busturialdeko Eskola Txikien jaia hartu zuen barikuan Eak. Natxituko Haizeder Busturiko Uzelai, Gautegiz Arteagako Montorre, Muxikako Urretxindorra eta Mundakako eskoletako neska-mutilak goizean goizetik hasi ziren haien egun handia ospatzen.2 urtetik 12 urtera arteko 420 ikasle inguru batu ziren Eako herrigunean. Jai giroa izan zen nagusi, eta udalerriko astegunetako ohiko lasaitasuna eten zuten eskola umeen dantza, kantu, oihu eta barre algarek.
10:00ak aldera elkartu, eta talde argazkia atera ondoren, kalejira egin zuten, Ibarrangeluko dultzaineroek lagunduta. Hamaiketakoa jan, eta emanaldia prestatzen hasi ziren.
Eguerdian, frontoian elkartu, eta dantza emanaldia eskaini zuten, zikloka banatuta. Haur Hezkuntzako 2 eta 3 urteko 90 ume inguru izan ziren lehenak.
Habanera
Ondoren, 4 eta 5 urte bitartekoek Euri tanta banintz kantatu, antzeztu eta dantzatu zuten. Adin tarte horretako ikasleen taldea izan zen handiena, 100 bat neska-mutil bildu ziren.
Txikienen ostean heldu zen Lehen Hezkuntzako ikasleen txanda. Eskuetan kanta abestu eta dantzatu zuten 1. eta 2. mailako 80 ikasle inguruk. Gero, 3. eta 4. mailako 90 bat eskola umek Guillermo Tell dantzatu zuten. Azkenik, nagusienek Animals abesti ezagunaren erritmo biziekin egin zuten dantza. 5. eta 6. mailako ia 60 ikasle batu ziren Ean.
Emanaldia amaituta, taldeetan banatu, eta jolasten ibili ziren eskola umeak. Eguraldia lagun, txikienek hondartzan jolastu zuten, beste batzuk frontoian aritu ziren herri kiroletan trebatzen, eta nagusienek aparkalekuan egin zituzten jolasak.
Bazkaldu ostean, egun horretarako beren beregi prestatutako habanera abestuta agurtu zuten eskola txikien eguna, 15:00ak aldera.