San Inazioko kaltetuei laguntzeko bitarteko gehiago behar ditu udalak
Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, arazoa bere osotasunean konpondu arte, kaltetuekin elkarlanean jarraituko dute. Udala ere, gestorako kide egin da, bera ere kaltetuetako bat delakoSan Inazioko kaltetuei erantzuna «ahalik eta azkarren» emateko era...
Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, arazoa bere osotasunean konpondu arte, kaltetuekin elkarlanean jarraituko dute. Udala ere, gestorako kide egin da, bera ere kaltetuetako bat delako
San Inazioko kaltetuei erantzuna «ahalik eta azkarren» emateko erakundeen laguntza beharrezkoa dutela azpimarratu zuten udal ordezkariek atzo egindako agerraldian. «Ezintasuna ematen digu honen guztiaren irtenbidea gure eskuetan ez izatea. Gure ustez, erakundeek dituzten bitarteko guztiak ipini beharko lituzkete egoera honi konponbidea ahalik eta azkarren emateko. Gure ustez, Eusko Jaurlaritzak, esaterako, gehiago egin ahal du».Zunbeltz Bedialauneta alkateak eta Eneritz Basurko hirigintza zinegotziak nabarmendu zutenez, arazoa bere osotasunean konpondu arte, kaltetuekin elkarlanean jarraituko dute. «Ondarroako Udalak batzartzen jarraituko du, azkenengo herritarra etxera bueltatu arte. Udala beti egon da prest herritarrekin beharra egiteko, eta aurrerantzean ere herritarrekin lanean jarraituko du».
San Inazio mendi azpixan gestorako kideekin, esaterako, udal ordezkariak astean bitan batzen dira, Kamiñaldeko egoeraren berri modu zuzenean emateko. «Arlo soziala eta teknikoak lantzen ditugu. Orain arte, udalak duen informazioa helarazi diegu kaltetuei. Gure asmoa, hemendik aurrera elkartasun mahai bat sortzea da, informazioa elkartrukatzeko».
Alkateak gaineratu zuenez, udala ere gestorako kide egin da, kaltetuetako bat delako. Hain zuzen ere, hustutako eraikin horietan etxebizitza bat eta sei lokal ditu udalak.
Ezinegon handia
Bestalde, Alokabidek bere prozesua zer edo zer azkartu duela ere aipatu zuten. Izan ere, maiatzaren amaierako Alokabidek eskura dituen etxebizitza guztiak emanda egotea espero da. «Udalaren eta herritarren aldetik egindako presioagaz, Alokabidek prozedura arindu egingo duela esan digu. Baina, gure ustez, prozedura oso geldik doa, eta emaitzak ez dira guk nahi modukoak. Kaltetuak ahalik eta azkarren birkokatzeko eskakizuna egin dugu ostera ere, hori arintzeko eskatuz. Jakin badakigu birkokatu behar den herritaren bolumena handia dela, baina normala den moduan, kaltetuen ezinegona gero eta handiagoa da, eta egin beharreko ahaleginak arinago egin beharko lirateke».
Hirigintza zinegotziaren arabera, Alokabidek, dagoeneko, 26 familiagaz sinatu du kontratua. Hala eta guztiz ere, etxebizitzen premia ere handia dela jakitera eman zuten, eta etxebizitza hutsak dituzten herritarrei beraien etxeak Alokabideren esku lagatzeko eskaria egin diete. «Alokabidek egindako aurreikuspenen arabera, orain momentuan 47-50 bat familiak Ondarroan etxebizitza nahiko balute, ez dute etxebizitzarik».
Arazo horri irtenbidea eman nahian, udala bere eskura duen guztia egiten saiatu dela jakitera eman zuten. Besteak beste, higiezin agentziekin elkartu da etxeak salgai dituzten herritarrei Alokabiderekin harremanetan jartzeko eskatuz. Horrez gain, etxebizitzak hutsik dituzten jabeei ere gutun bat helarazi die udalak, eskaera egiten.
Horrez gainera, San Inazio itxita dagoela eta, Kamiñazpiko 3.500 biztanleek Bizkaibus zerbitzurik ez dutela ere kezkatuta dago udala. Bizkaibusekin egin dituzten batzarretan arazoari konponbide bat ematen ahalegindu dira, baina Bizkaibusek hori ez diela erraztu nabarmendu zuten. «Errenteria inguruan autobus aterpe bat ipintzeko eskaria egin digute, eta hori Herribusagaz bideratu ostean, orain ez dela bideragarria diote. Proposamen bat egin digute, hori egiten saiatu gara, baina atzera bota dute».
Gestoraren agerraldia
Bestalde, San Inazio mendi azpixan gestorako ordezkariek jakitera eman dutenez, bihar, 11:00etan, ordu laurdeneko elkarretaratzea egingo dute.
Gestorak gorriz janzteko deia egin die auzoko kaltetuei. «Gorriz jantzita etortzeko deia egiten dugu, kale gorrian, gorriak ikusten gaudela gogorarazteko».