Lanerako espazio bat sortu gura dute Ideien Kontserbera sarekoek
Bermeoko eta eskualdeko egoera ekonomikoaren inguruko gogoeta sustatu, alternatibak aztertu eta horiek aurrera eramateko helburuz eratu da Ideien Kontserbera sarea. Hain zuzen ere, Bermeon eta Busturialdean lan eta bizitzea sustatu gura duen sarea da. ...
Orain dela hilabete batzuk eratu zen Ideien Kontserbera sarea. Sare hori, baina, zabaldu egin gura dute, eta horretarako hitzordu bat jarri dute gaurko. 19:00etan Kabidxen batu gura dituzte gazteak, «batez ere lanagatik arduratuta dauden herriko zein eskualdeko gazteak», azaldu dute. Prozesu parte hartzailea izango dela eta, gazteak parte hartzera animatu dituzte
Ideien Kontserbera sarekoek antzinako Ormaza kontserbera berreskuratzea dute helburu; berreskuratze hori, hala eta ere, «guztien artean egin beharreko gauza bat dela» uste dute. «Antzinako lantegia zertara bideratu ahal den guztion artean erabaki beharreko gauza bat da. Lehenengo eta behin, gainera, beharrizana dagoen aztertu beharko dugu. Horregatik, garrantzitsua da gaurko deialdia zabaltzea», diote.
Kale interbentzioa
Bermeoko Talaranzko kalean egindako kale interbentzio baten bitartez eman ziren ezagutzera. Hutsik zegoen orube batean arbel bat margotu zuten. Bermion lan eta bizitzeko nik… esaldia idatzi zuten, eta koloredun klarionak utzi zituzten, bakoitzak gura zuena idazteko aukera izan zezan.
Parte hartzea ez dela handia izan azaldu dute; hala eta guztiz ere, «zarata apur bat egiteko» balio izan die.