Abian da Birdflyway
Urdaibai Bird Centerrek natura eta turismoa bultzatzeko Birdflyway ekimen berritzaileak Europako hezeguneak batuko ditu, antzar arrunta eta arrano arrantzalearen bitartezUrdaibai Bird Centerrekoek sortutako ekimen berritzailea da Birdflyway. Arrano arr...
Urdaibai Bird Centerrek natura eta turismoa bultzatzeko Birdflyway ekimen berritzaileak Europako hezeguneak batuko ditu, antzar arrunta eta arrano arrantzalearen bitartez
Urdaibai Bird Centerrekoek sortutako ekimen berritzailea da Birdflyway. Arrano arrantzalearen eta antzar arruntaren hegaldi migratorioaren bitartez, Europa eta Afrikako hezeguneak lotzea du helburu, natur-turismo- aren testuinguruan.Ekimen horrek Eskozia, Finlandia, Suedia, Belgika, Danimarka, Ingalaterra, Frantzia, Espainia eta Portugaleko hamasei zentro batzen ditu, Donejakuen ibilbide bat bezala.
Horrela, Urdaibairen berri izango dute sareko zentroetan, eta alderantziz. «Enbaxada modukoak izango dira, baina finkoak», azaldu du Jose Mari Unamuno Bird Centerreko zuzendariak. «Azkenean hegazti hauen ibilbidea aitzakia bat da zentroen arteko lotura sortzeko eta bisitariak erakartzeko».
Ekimenak hezeguneen balioa nabarmentzeko ere balioko du, naturagaz lotutako turismo sostengarria bultzatzeko. «Ez da ornitologoentzat pentsatutako ibilbidea, naturaz gozatu nahi dutenentzako erakargarria da», azaldu dute.
Aranzadi Zientzien Elkarteko teknikariek beste herrialdeetako zentroetan ekimena aurkeztu zutenean oso erantzun ona izan zutela azaldu zuten. Eta oraindik ere zentroak sartzeko eskaerak egin dituztela esan dute.
Atzo egin zuten aurkezpenean lehen pasaportea eman zioten Athletic Clubeko Jokin Garatea zuzendariordeari, zigilua eta guzti. Aurkezpenean Iosu Madariaga Ingurumeneko sailburuordea ere egon zen.
Pasaporte hori emango diete Birdflywayen parte diren zentroetara bertaratzen direnei. Bertan egon direla frogatzeko zigilua jarriko diete, baina hori lortzeko, bisitariek erronka batzuk burutu beharko dituzte. Erronka horien bitartez, inguruko paisaiak, kultura eta ohiturak ezagutuko ditu bisitariak.
Nork bere erronkak
Zentro bakoitzak bere erronka propioak ezarri ditu. Urdaibai Bird Centerren kasuan, zigilua lortzeko, Atxarreko San Pedron, Elantxoben, Santimamiñeko kobazuloan, Foruko erromatar herrixkan, Gernikako Arbolan eta Urdaibai Bird Centerren bertan egon direla frogatu beharko dute selfie bategaz. «Asmoa da, bertaratzen direnek bi edo hiru egun egitea bertan, tokia ezagutzen».
Diru sarrerak
Juan Felix Naberan Gautegiz Arteagako alkateak ere hitza hartu zuen aurkezpenean: «Gautegiz Arteagarako eta eskualde osorako oso ekimen garrantzitsua da, turismo jasangarria bultzatzen duelako».
Antolatzaileen lehen kalkuluen arabera, ekimenak ekarriko dituen turistek 225.000 euro inguru utziko dituzte. Diru sarrera horiek ostalaritzaren eta eragile turistikoen artean banatuko dira. Egitasmoak sortu dezakeen dei efektua dela eta, gero eta atxikimendu gehiago biltzea espero dute Bird Centerreko kideek.