Iazko esperientzia “
oso positiboa” izan zela kontuan hartuta, aurten, beste behin ere, Bermeoko udalaren Zaharren Egoitzak eta Musika Eskolak elkarlanean,
egoiliarrek musikarekin gozatu ahal izateko programa martxan jarri dute.
Ipuin musikatua, iaz
Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko presidente eragile Benito Ibarrolazak eta Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Aingeru Astuik azaldutakoaren arabera, “pertsona nagusientzat
onurak dituen programa da; izan ere,
integrazioa lantzen dute, komunitatearekiko lotura mantentzen dute,
autoestimua hobetzen du, maila kognitiboa sendotzen du eta belaunaldien arteko lotura sendotzen du”.
Hainbat dira aipatu programaren baitan antolatuko dituzten jarduerak; ipuin musikatua, musika tailerrak eta erakusketa didaktikoa, besteak beste. Azaldu dutenez, martxan dituzte musika tailerrak. Musika ardatz hartuta, zahartzaro aktiboa bultzatzen dute tailerrok. Jakinarazi dutenez,
zortzi egoiliar ari dira horietan parte hartzen. Astean behin musika eskolara hurbiltzen dira tailerrean partu asmoz, eta egoiliarrak “oso pozik” daudela azaldu dute: “Irrikan egoten dira asteko egun hori heltzeko”.
Tailer horien bitartez, gauza desberdinak jorratzen dituzte: Egoitzatik kanpo ekintzak egitea, taldeko partaide sentitzea, estima pertsonala eta soziala hobetzea eta memoria eta psikomotrizitatea lantzen dituzte, besteak beste.
Maiatzaren 17an -martitzena-, 11:00etan, ipuin musikatuaz gozatzeko aukera izango dute. Jarduera horretan, Musika Eskolako irakasleek ipuin baten barruan txertatuko dituzte estilo desberdinetako kantu ezagunak. Ipuin musikatua Bermeoko Udalaren Zaharren Egoitzako lorategian izango da. Egoitzaren kanpoko aldetik ere ikusteko aukera egongo dela zehaztu dute.
Erakusketa didaktikoaren baitan, bestalde, eskolako ikasleek hainbat kontzertu eskainiko dituzte zaharren egoitzan.
Programa hau “oso positiboa” dela azaldu dute bultzatzaileek.