Mendiburu, Bermeoko kanporaketako onena
Zortzi gaztek hartu zuten parte Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketan, atzo. Bermeoko Eleizalde ikastolan jokatu zen, eta Uribe Kostako Unai Mendiburuk irabazi zuen. Busturialdeko lau bertsolarik parte hartu zuten.Mendibur...
Mendiburagaz batera honakoek parte hartu zuten Bermeon: Uribe Kostako Eneko Elorduik; Mungiako Ainhoa Gorostiaga eta Iker Larizgoitiak; eta Busturialdeko Beñat Bilbao, Julen Karrion, Imanol Ziluaga eta Jon Garatxenak.
Bi zati izan zituen saioak, eta lehengo atalean puntu gehien lortu zituzten lau bertsolariak sailkatu ziren bigarren atalerako. Honakoak sailkatu ziren: Mendiburu, Elordui, Larizgoitia eta Bilbao.
Atzo arratsaldeko saioan Leire Garatxena aritu zen gai emaile lanetan. Epaimahaia, berriz, hurrengoek osatu zuten: Jurgi Fuentesek, Leire Etxebarriak eta Miriam Juaristik.
Bizkaiko Eskolarteko Txapelketak lau kanporaketa ditu; gaur jokatuko da hirugarren kanporaketa, Deustuko Berbaizu euskara elkartean. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatzen da maiatzaren 22an Getxon jokatuko den finalera. Finala osatzeko beste lau bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira, eta barikuan jakingo da nortzuk izango diren bertsolari horiek.