Bihar jokatuko da Barikuetan Jai Alai zesta-punta kinielaren lehen saioa
Gernikako Jai Alai zesta-punta eskolak kiniela amerikarraren txapelketa egingo du zortzigarren urtez. Bihar hasi eta ekainera bitartean, sei saio egingo dituzteBihar hasiko da Jai Alai eskolak antolatzen duen kiniela amerikarraren txapelketa. Zortzigar...
Gernikako Jai Alai zesta-punta eskolak kiniela amerikarraren txapelketa egingo du zortzigarren urtez. Bihar hasi eta ekainera bitartean, sei saio egingo dituzte
Bihar hasiko da Jai Alai eskolak antolatzen duen kiniela amerikarraren txapelketa. Zortzigarren urtez antolatzen den txapelketa ekainaren 10era bitartean jokatuko da, sei saiotan.18:00etan hasitan, umeek jokatuko dute, 19:00etan gazteek, eta azkenik, 20:00etatik aurrera lehiatuko dira nagusiak. Sarrerak doakoak dira. «Azken urteetan legez, aurten ere bi kategoria egongo dira. Bigarren maila sendotu da, gazteak oso ondo dabiltza, eta, hortaz, bi mailetan lehia polita espero dugu», azaldu du Edorta Basterretxea Gernika Jai Alai eskolako kideak.
Aurtengo berezitasuna zestapunta eskolako umeen parte hartzea izango da: «Jokatzeko aukera emango diegu, baina ez dute txapelketa lehiatuko. Ahal dutenek jokatuko dute, eta datorren urterako prestaketa bezala balioko die», azaldu du Basterretxeak.
Umeak kontuan hartu barik, 26 puntistek jokatuko dute kiniela amerikarra. Parte hartzaile gehienak Gernika-Lumoko eskolako kideak dira, Roke, Urrutxua eta Bidaburu, esate baterako. Halaber, nagusietan, Ubilla berriatuarra eta Elkoro markina-xemeindarra ere ariko dira lehian. Gazte mailan, aurten sei bikote egongo dira iaz bost bikote izan ziren. Gernika Jai Alai eskolako bost bikotek eta Markina-Xemeingo eskolako bikote batek parte hartuko dute. «Markinako eskolatik lau puntista etorriko dira, baina txandaka jokatuko dute, bikote bakarrarentzat lekua dago, eta haiek horrela antolatzea erabaki dute».
Otzaren zozketa
Ikusleek diru apusturik ez dute egingo, baina zein bikotek irabaziko duen jokatu ahalko dute. Gero, saio bakoitzaren amaieran, asmatzen dutenen artean Eusko Label produktuez osatutako otzara zozkatuko dute.
Beste alde batetik, Gernika-Lumoko zesta-punta eskolako kideek aurreratu dutenez, ekainaren 17rako, txapelketari amaiera emateko, zer edo zer berezia prestatzen ari dira: «Oraindik dena lotzen ari gara, baina zer edo zer berezia egin gura dugu».
Aitzindaria
Txapelketa berezia izaten da, eta aurreko urteetan, aurten Ameriketako Estatu Batuetara joandako puntista profesional askok parte hartu dute Gernikako Jai Alai frontoiko kiniela amerikarraren lehia horretan. «Orain dela zortzi urte zuzendaritza taldea batu, eta zer edo zer desberdina egitea pentsatu genuen, ordura arte Euskal Herrian egin gabeko kiniela amerikarra Gernikara ekartzea erabaki genuen. Aitzindariak izan ginen; berritasun itzela izan zen, eta gure eskolaren bereizgarrietako bat da», zehaztu du Gonzalo Beaskoetxea Gernika Jai Alai eskolako kideak.
Beaskoetxearen berbetan, urtez urte «arrakasta» lortzen duen txapelketa da, eta puntista handienek parte hartu dute beti. «Afizionatuetako onenak pasatu dira txapelketa honetatik».