Maria Leon aktorea, Goiko Torreren eskuetan
Antena 3 telebista kate espainiarraren 'Alli abajo' telesaileko Maria Leon aktorea jantzi du Ondarroako Goiko Torrek; ekoiztetxekoek mutil aurreskulariaren jantzia erosi zuten Ondarroan.Internetek muga guztiak gainditzen laguntzen du. Eta horren adibid...
Antena 3 telebista kate espainiarraren ‘Alli abajo’ telesaileko Maria Leon aktorea jantzi du Ondarroako Goiko Torrek; ekoiztetxekoek mutil aurreskulariaren jantzia erosi zuten Ondarroan.
Internetek muga guztiak gainditzen laguntzen du. Eta horren adibide da Ondarroako Goiko Torre jantzi dendari gertatu zaiona. Izan ere, Ondarroako dendako arropa Antena 3 telebista kate espainiarraren Alli abajo telesail ospetsuan ikusi ahal izan da.Zehatz esateko, Maria Leon aktoreak jantzi zuen Goiko Torreko arropa; besteak beste, euskal jantziak saltzen dituzte denda horretan. «2007an, Beheko Torreren webgunea egin genuen, eta horri esker, Espainiatik eta beste leku askotatik egin izan dizkigute eskaerak», azaldu du Amaia Ibaibarriaga Goiko Torreko arduradunak.
Eta Alli abajo telesailaren ekoiztetxekoek ere Interneten ikusi zuten telesaileko pertsonaia batek jantzi behar zuena. «Telefonoz deitu ziguten, eta telesaileko aktoreek jantzi behar dutenaz arduratzen zenagaz jarri gintuen harremanetan. Sevillakoa zen bera, eta mutil aurreskulari baten arropa behar zutela esan ziguten».
Goitik behera jantzita
Telesailean Carmen pertsonaia antzezten du Leonek. «Aktoreak 34-36 neurriko arropa beharko zuela esan zigun arduradunak. Eta nik neuk 36 neurria daukadanez, goitik behera jantzi eta argazkia bidali genion»
Hasiera batean, baina, gaizkiulertua ere gertatu zen. «Baserritarraren arropa behar zutela ulertu zion ahizpak. Eta gero, argazkia bidali genionean, aurreskulariarena behar zuela esan zuen. Badakizu, bera Sevillakoa izanda, halan edo holan azaldu zen [kar-kar-kar]. Berriro ere goitik behera jantzi eta argazkia bidali genion».
Ikusitakoa gustatu zitzaionez, Goiko Torrekoek arropa saldu eta mezulariz bidali zioten. «Gero deitu ziguten esateko bidalitako arropa probatu zuela Leonek, eta ondo geratzen zitzaiola».
Beraz, telesailaren 6. kapitulua emititu zenean, ikusleek aktore espainiarra aurreskulari jantzita ikusi ahal izan zuten, Goiko Torren erositako arropagaz.