Katastroaren berrikuspena eta OHZri aldaketak egitea eskatuko du EH Bilduk
Bizkaiko udalerri guztietan mozioak aurkeztuko ditu koalizioak, hilabete honetan. Katastroa aldatu beharra ikusten dute, baina horretarako lanketa bat egitea beharrezkoa dela dioteEH Bilduk katastroaren berrikuspena eta ondasun higiezinen gaineko zerga...
Bizkaiko udalerri guztietan mozioak aurkeztuko ditu koalizioak, hilabete honetan. Katastroa aldatu beharra ikusten dute, baina horretarako lanketa bat egitea beharrezkoa dela diote
EH Bilduk katastroaren berrikuspena eta ondasun higiezinen gaineko zergaren foru arauaren proiektuari aldaketak egiteko eskaera egitea proposatuko die Bizkaiko udal guztiei hilabete honetan. Udalez udal, mozioak aurkeztuko dituztela jakitera eman du Edriga Aranburu EH Bilduren Lea-Artibai eta Busturialdeko arduradunak.40 urte dira Bizkaian katastroa eguneratzen ez dela, eta, ondorioz, herritarrek Ondasun Higiezinen gaineko zergaren bidez eta beste zerga batzuen bidez ordaintzen dutena egokitu barik egon da gaur egungo egoerara. «Badakigu jakin katastroa eguneratu beharra dagoela, herritarren arteko desorekak amaitu eta egokitzeko, baina jakitun gara, bai eta ere, horrek lanketa bat beharrezkoa duela, eta Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako erabili duen prozedura ez dela egokia deritzogu», azaldu dute.
EH Bilduren ustez, 40 urtean egin ez dena, orain, urtebetean egin nahi da, «presa guztiagaz, epe nahikoa ez dagoelarik eta udalei tarterik eman barik gauzak behar bezala egiteko».
OHZ aldatzen
Katastroa egokitzeagaz batera, Bizkaiko Batzar Nagusia, Ondasun Higiezinen gaineko zergaren Foru Arauaren proiektua ere lantzen ari da. Foru Arau hori ere egokitu behar dela dio EH Bilduk, katastroaren berrikuspenagaz batera.
«Momentu egokia da foru arau horrek orain arte kontuan hartu ez dituen hobari eta errekargu batzuk ezartzeko aukera emateko udalei, hobari eta errekargu hauen bidez udal politika fiskal bidezko eta justuago baten aldeko aurrerapausoak emango dira eta. Momentua da herritarrek dituzten etxe hutsak beste herritarren eskuetara ipintzeko politikak bultzatzeko, etxebizitza eskubidea delako eta ez pribilegio bat. Momentua da bai eta ere, gaur egungo krisi ekonomikoaren ondorioz, herritarren diru sarreren ahalmena kontuan hartzeko, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ordaintzean ere».
Proposamen guztiek EH Bilduren zerga-politikaren irizpide nagusiekin bat egingo dutela jakitera eman dute: ekitatea eta progresibitatea.
Hauek dira, besteak beste, aldatzeko eskatzea proposatzen dizkieten gaietako batzuk: udalek ohiko etxebizitzak ez diren higiezinei %100 eta 150erainoko gainkarga ezarri ahal izatea; baliabide ekonomikoen ezaren bat-bateko egoeran aurkitzen diren jabeek Ondasun Higiezinen gaineko zerga-kuota osoaren %95erainoko hobaria eskatu ahal izatea, eta bizikidetza-unitatearen kide kopuruaren eta errenta-mailaren arabera Ondasun Higiezinen gaineko Zergari buruzko foru arauaren proiektuan hobari progresibo bat ezartzea.