Busturialdeko XII. Eskola Txikien Jaia ospatuko dute Ean, barikuan
Busturiko Uzelai, Gautegiz-Arteagako Montorre, Natxituko Haizeder, Muxikako Urretxindorra eta Mundakako eskolako 420 eskola umetik gora batuko dira goizetik arratsaldera bitarteanXII. Busturialdeko Eskola Txikien jaia barikuan ospatuko dute, Ean. Hain ...
Busturiko Uzelai, Gautegiz-Arteagako Montorre, Natxituko Haizeder, Muxikako Urretxindorra eta Mundakako eskolako 420 eskola umetik gora batuko dira goizetik arratsaldera bitartean
XII. Busturialdeko Eskola Txikien jaia barikuan ospatuko dute, Ean. Hain zuzen ere, aurten Natxituko Haizeder eskolak du jaialdia antolatzeko ardura, eta azken prestaketetan buru belarri dabiltza bertako irakasle, ikasle eta gurasoak. Halaber, udalaren eta herritar askoren laguntza ere badutela azaldu dute irakasleek.«Haur Hezkuntzako 28 ikasle ditugu, eskola moduan gure bigarren ikasturtea da. Aurten guri, Busturialdeko eskola txikienari dagokigu jaia antolatzea, eta oso pozik ari gara beharrean. Gainera, boluntarioak ere baditugu; familien eta udalaren laguntzaz gain, herritarren laguntza ere badugu», azaldu dute Haizeder eskolako irakasleek.
Haizeder eskolako ikasleekin batera, Busturiko Uzelai eskolako, Gautegiz-Arteagako Montorre eskolako, Mundakako eskolako eta Muxikako Urretxindorra eskolako neska-mutilek egun pasa ederra egingo dute Ean.
2 urtetik 12 urtera arteko 420 ikasletik gora eta 60 irakasle inguru bilduko dira. Hain zuzen ere, 10:00etan elkartu, eta 15:00ak aldera amaituko dute jaialdia.
«Herriko alkatea eskola txikiko ikaslea izandakoa da, eta bera etorriko da agurra egitera», zehaztu dute.
Gero, talde argazkia atera, eta kalejira egingo dute udalerriko bi kale nagusietatik. Kalejiran musika eta Ibarrangeluko dultzaineroak izango dituzte bidelagun.
Ondoren, eguneko ekitaldi nagusirako entseguak egingo dituzte, eta hamaiketakoa jateko tartetxo bat hartuko dute.
12:00ak inguruan hasiko dute emanaldia. Eskola umeak, denak batera kantuan eta dantzan ariko dira, adin tarteetan banatuta. «Zikloka banatuta eskainiko dute ikuskizuna, eta denek batera, hori da garrantzitsuena».
Abanera agurtzeko
Dantza eta kanta saioa amaitzean, jolasten ibiliko dira. Bost gunetan banatuta egingo dituzte jolasak. «2 eta 5 urte bitartekoak, esaterako, hondartzan batuko dira, beste ziklo batzuetakoak frontoian, eta beste batzuk aparkalekuan». Azaldu dutenez, jaiak iraun bitartean, gainontzeko erabiltzaileentzat itxita egongo da aparkalekua.
Zikloka banatuta bazkalduko dute, eta gero, 14:30ean berriro elkartu, eta elkar agurtuko dute. «Agurrerako abanera bat prestatu dugu, eta guraso batzuen laguntzagaz abestuko dugu».