San Inazioko etxeetan lapurreta gehiago ez dela egon ziurtatu ahal izan dute
Ondarroako Udalak San Inazioko etxebizitzen zaintzan errefortzua eskatu dio Segurtasun sailburuari. 44 etxebizitza gehiago behar dira kaltetutako familiak birkokatzekoBariku arratsaldean San Inazio kaleko 40B, 40C, 42A eta 42B atarietako bizilagunak eu...
Ondarroako Udalak San Inazioko etxebizitzen zaintzan errefortzua eskatu dio Segurtasun sailburuari. 44 etxebizitza gehiago behar dira kaltetutako familiak birkokatzeko
Bariku arratsaldean San Inazio kaleko 40B, 40C, 42A eta 42B atarietako bizilagunak euren ganbaretara sartzeko aukera izan zuten. Ondarroako Udalak aurretiaz bizilagun bakoitzari emandako ordutegia jarraituz sartu ziren ganbaretan, eta euren gauzak atera ahal izan zituzten ordu erdiko tartean.47 eta 49 atarietako bi etxebizitzetan eta ganbaretan egindako lapurreten harira, etxe jabe batzuek atestatua egin behar izan zuten. Horrez gain, zenbait gauza ere atera ahal izan zituzten. Dena dela, lapurreta gehiago ez direla egin ziurtatu zuten arduradunek. Lapurrak sartu ziren bi etxebizitzetako jabeek, gainera, arotzaren laguntzagaz, lapurrek indarrez apurtutako etxebizitzetako ateak itxi zituzten.
Aurrekoetan ez modura, bizilagunak etxe barruko igogailuetan eta oinez igo eta jaitsi ziren. Eta arazorik sortzen ez zela ziurtatzeko, igogailuetako teknikariak ere egon ziren bertan, badaezpada.
Garabia baten laguntzagaz, gauzak laugarren solairuko etxebizitza bateko balkoitik atera zituzten; garabian udal brigadako langile bat zegoen, eta suhiltzaileek hari ematen zizkieten maletak eta bestelakoak. Jon Epelde San Inazio mendi azpixan gestorako kideak jakitera eman zuenez, igogailua erabiltzeko aukera edukitzea ondo egon zen. «Aurrekoan suhiltzaileen eskaileran igo ginen etxebizitzetara. Beraz, oraingoan hobeto konpondu gara».
Lanerako baimena
Gainera, HITZAk jakin ahal izan duenez, ibaiaren aldera dagoen eta aldamioa daukan etxean lanak egiten hasiko dira datozen egunotan. «Esan digutenez, datorren astean fatxadan obretan ari direnei sartzen utziko diete. Dena dela, oraindik ez dago eguna zehaztuta. Izan ere, obretako kamioiari egun bakarrean utzi nahi diote sartzen, eta egun bakar bat ez dela nahikoa azaldu dute langileek».
Beste alde batetik, Ondarroako Udalak Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari San Inazioko zaintzan errefortzua jartzeko eskatu dio, gutun bat bidalita.
Udalak adierazi duenez, gainera, San Inazioko bizilagunak birkokatzeko beste 44 etxebizitza gehiago behar dira. «Orain arte eskainitako etxe kopurua ez da nahikoa». Udalak igorritako datuen arabera, Ondarroako 26 etxebizitzen kontratuak sinatu ditu Alokabidek, eta beste 14rena inguruetan.