Erabakitzeko adierazpenak adosten hasi da GED herriz herri
Adierazpena adostu dute Bermeon, eta ekimen parte hartzaileak abiatuko dituzte eguenean, Busturian eta Mutrikun. Bidea jorratzen hasi dira Markina-XemeinenTokian tokiko erabakitzeko adierazpenak sustatzen ari da Gure Esku Dago Lea-Artibain, Mutrikun et...
Adierazpena adostu dute Bermeon, eta ekimen parte hartzaileak abiatuko dituzte eguenean, Busturian eta Mutrikun. Bidea jorratzen hasi dira Markina-Xemeinen
Tokian tokiko erabakitzeko adierazpenak sustatzen ari da Gure Esku Dago Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean. Herri batzuetan aurreratuago daukate lana; adierazpenen eraikuntzan murgilduta dago Bermeo, esate baterako, eta joan den zapatuan adierazpena adostu zuten. Busturian eta Mutrikun, ostera, adierazpena lantzeko ekimen parte hartzailea abiatuko dute eguenean.Gizarte eta Kultura Etxean batu ziren bermeotarrak Gure Esku Dagoren proposamena eztabaidatu eta ekarpen berriak egiteko. Bermeoko adierazpena honakoa izatea adostu zuten: «Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea daukagu. Bermeoko herritarrok gure erabakitzeko eskubidea gauzatu gura dogu. Gizarte justuagoa lortzeko, elkarbizitza indartzeko, era parte hartzailean gure herriaren prozesu demokratiko eta askatzailean aurrera egiteko. Herritarron sasoia da. Jende anitza herri libre batean».
GEDren adierazpena mozio batean aurkeztuko dute orain, Bermeoko Udalean, osoko bilkuran onartu dezaten. Adierazpena herriratzeko jaialdia, berriz, ekainaren 19an egingo dute, «jai giroan». Herritar guztien ideietara zabalik daudela azaldu dute.
Busturian ere adierazpena adostera doaz asteon; hain zuzen ere, eguenean, 19:30ean jarri dute hitzordua Altamira auzoko Kultur Etxean. Mutrikuarrak ere, adierazpenaren oinarriak ondorengo egunetan egingo diren batzarretan onartzen joango dira, eta eguena izango dute bai eta ere batzeko eguna. 19:30ean izango da hitzordua, Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan.
Jaia, Markina-Xemeinen
Bidea jorratzen ari da Markina-Xemeingo Gure Esku Dago ere. Egun osoko jaia ospatu zuten zapatuan, eta galdeketa egin duten edo ekainean egitekoak diren Dima, Ispaster eta Arrakundiagako kideen esperientziak ezagutu zituzten, eurek ere galdeketarako ibilbidea zelan egin dezaketen erabakitzen laguntzeko.
Trikitilariekin lagunduta, kalejiragaz hasi zen ekitaldia. Herrian zehar giroa piztu eta gero, Plazabarripean batu ziren, pintxoez lagundutako mahai inguruan. Nagusiek solasaldian parte hartzen zuten bitartean, umeentzako jolasak egon ziren.
135 pertsonak bazkaldu zuten Plazabarripean, eta kantu eta jolasekin girotu zuten bazkalostea. Markina-Xemeinen galdeketa noiz egingo den galdetzen zuen puzzlea osatu zuten, eta lehen adierazpenak ere luzatu zituzten ekitaldian parte hartu zutenek.
Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidea «guztien artean» jorratu behar dela azpimarratu zuten ekitaldian, herritar guztiak berriz ere bide horretara batzeko animatu zituztelarik.
Bestalde, ekimena bi bider bertan behera geratu eta gero, zapatu iluntzean kriseiluak aireratzeko elkartu ziren hainbat herritar Ondarroako Alamedan. Hasierako plana ezin gauzatuta, kalejira alaitsua egin zuten kandelak eskuetan hartuta.