Santanderren (Kantabria, Espainia) lehiatu dute basurdeek
ligako azken jardunaldia, Bathco taldearen kontra. Ohorezko Mailari eusteko partida garrantzitsua zen, eta zaila izan bazen ere,
garaipenarekin bueltatu ziren;
17-19 irabazi zuten.
Argazkia: Anuar Gomez
Gogotsu hasi zuten partida gernikarrek, eta horien nagusitasunak laugarren minutuan izan zuen saria, Sebastian Berteroren entseguagaz.
Bathco taldeko jokalariek kinka larrian jarri zituzten basurdeak une askotan. Gernikarrek eusten jakin zuten, baina hainbat ahalegin egin ostean partida berdindu zuten Bathco taldekoek. Santanderreko taldeak erasoan jarraitu zuen, baina ez zituzten aukerak aprobetxatu eta basurdeek jo zuten orduan erasora, eta markagailuan aurrea hartzea lortu zuten berriro. Lehen zatia, hortaz, 3-8 amaitu zen.
Bigarren zatia ere gogor hasi zuen Gernika Rugby taldeak, 45. minutuan punpa-laster bat lortu zuen Berterok. Aurrea hartuta, Sebastianek puntuak gehitzen jarraitu zuen. Markagailua 3-14 zegoenean, baina, zenbait abisu eman zituen Batcho taldeak.
Partidako 69.minutuan, partidan eragina izan zuen aldaketa bat izan zen markagailuan. Batchok entsegu bat transformatu zuen. Santanderreko taldea indartsuen zebilenean, gainera, txartel horia atera zioten Afteeri, 73. minutuan. Hala, jokalari bat gutxiagogaz geratu zen Gernikako taldea.
76. minutuan, berriz, entsegu bategaz markagailuan goitik jarri zen Santanderreko taldea. Gernikarren artean urduritasuna nagusi bazen ere, partidako azken minutuan Martinek basurdeei garaipena eman zien entsegua lortu zuen.