Lan istripuetan hildakoak gogoratu ditu LABek Ondarroan
Sindikatuek mobilizazioak egin zituzten atzo, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean. Horietatik bat Ondarroan egin zuten, LABek deituta. Bertan, besteak beste, lan osasunaren defentsarako borroka aldarrikatu zuten kalez kale, eta azken urtean langileariar...
Ondarroan lanean hildako langileen oroimenez giza katea egin zuten, eta ekimen horregaz «prekarietateak gaixotu eta hil egiten duela» salatu nahi izan zuten, Prekarietateak hiltzen gaitu lelopean. Ekimena portuaren sarrerako biribilgunean amaitu zen, eta bertan, 17 kandela piztu zituzten; aurten hildako langile bakoitzeko bana.
Kopurua gora
LABeko ordezkariek salatu zutenez, lan istripuen ondorioz hil diren langile kopurua gorantz doa, eta egoera aldatuko duten neurriak hartzeko exijitu zuten. Iaz 55 heriotza istripu izan ziren, eta aurten, oraingoz, 17 dira Euskal Herrian hildakoak. Horietako hiru Ondarroako portuagaz oso lotuta zeuden langileak izan dira, eta, horregatik, mobilizazioa Ondarroako portuan amaitzea erabaki zuten.
Heriotzez gain, lanean gaixotu ere egiten dela salatu nahi izan zuten. «Lanean erabilitako produktuengatik gaixotu diren langileen zerrenda luzea da, baita hil diren langile kopurua ere. Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, gaixotasun profesionalek lan istripuek baino sei aldiz heriotz gehiago eragiten dituzte».
LABek esan zuenez, lan osasuna eskubidea izan dadin borrokan jarraituko du: «Horretarako, egin dezakegun borrokarik onena prekarietatearen aurkako borroka indartzea dela ulertzen dugu, eta, horrekin batera, lantokietan prebentzio neurriak exijitzeko ekintza sindikala indartuko dugu».