Maiatzaren Lehena 'duintasunaren aldeko' aldarriekin ospatuko da
LAB sindikatuak Portugalete eta Sestao artean egingo duen martxara joateko autobusak daude Lea-Artibai eskualdetik. Markina-Xemeinen mahai inguruak egingo dituzte arratsaldeanSistema kapitalistaren aurka eginez, bestelako eredu ekonomiko bat aldarrikat...
LAB sindikatuak Portugalete eta Sestao artean egingo duen martxara joateko autobusak daude Lea-Artibai eskualdetik. Markina-Xemeinen mahai inguruak egingo dituzte arratsaldean
Sistema kapitalistaren aurka eginez, bestelako eredu ekonomiko bat aldarrikatuko dute euskal sindikatuek eta eragileek Maiatzaren Lehenean. «Duintasunez bizi ahal izateko» kalera ateratzeko deia egin diete herritarrei.Ernaik, esaterako, azken urteetan langilegoaren «esplotazioa handitu» egin dela salatu du. «Inposatutako krisi honetatik irteteko sakrifizioa derrigorrezkoa dela pentsatzera bideratzen gaituzte. Hori ez da egia». Gazte erakundearen arabera, krisiari aurre egiteko neurriak langileen «esplotazioa dute oinarri», eta datu makroekonomiko hobeak lortzeko baino ez dira: «Neurri horiek ez dira herritarron bizi kalitatea hobetzeko».
Esku lan merkea, ordaindu gabeko praktikak, eskubideen murrizketak, beldurrak… Horren aurrean kalera ateratzeko arrazoirik ez dela falta dio Ernaik. «Ez gara jaio gure lanagaz besteak aberasten diren bitartean gu egoera ez duin baten bizitzeko».
Halaber, eskubideen defentsa egin eta pertsonen bizitza erdigunean ipintzen duen sistemaren aldeko aldarriak modu kolektibo batean egin behar direla diote. «Herria herritik hasi behar gara eraikitzen». Maiatzaren Lehenean, «Euskal Herria sozialista, euskalduna, feminista eta askea» aldarrikatuko du Ernaik.
LAB sindikatuak Bizkaian, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Iparraldean egingo ditu mobilizazioak, eta ELA sindikatuak, berriz, Bizkaian eta Nafarroan.
Prekarietatea salatuz
Langileok martxan, eskuBIDEAK aktiBATUZ! lelopean, prekarietatearen aurka egiteko mobilizazioak deitu ditu LABek. Bizkaian, 11:30ean Portugaleteko tren geltokitik martxan irtenda Sestaora joan, eta hango udaletxetik manifestazioa abiatuko dute, 12:30ean.
Gipuzkoan, Eibarren, Donostian eta Urretxu-Zumarragan egingo dituzte manifestazioak. Donostian 12:30ean irtengo dira Alderdi Ederretik, eta beste bietan, 12.00etan. Eibarren Untzaga plazatik abiatuko dira, eta Urretxun Potrosen plazatik.
Azken urteotan legez, Bilboko Jesusen Bihotzean elkartuko dira ELA sindikatuko kideak Gehiago balio dugu lelopean, 11:45ean. Iruñean, ostera, 11:30ean dute hitzordua, Gurutze Enparantzan. Estatu hitzarmen eta erreformekin prekarietatea eta pobrezia areagotu egiten direla salatuko dute beste behin ere.
Bestalde, Markina-Xemeinen, Ernaik, gazte asanbladak, Ikasle Abertzaleak, Bagaittunek eta Lea-Artibaiko Asanblada Libertarioak mahai inguruak egingo dituzte. 18:00etatik aurrera, Arkuetan batuko dira.
Lea-Artibaiko Asanblada Libertarioak Maiatzaren Lehenaren historia eta mugimendu anarkistaren bilakaera izenburupean egingo du solasaldia.
Bagaittunek Lan ezberdinen prestigio maila, genero rolen banaketaren arabera izeneko mahai ingurua prestatu du.
Halaber, Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak Gazte prekarietatea, ezkutuko lana izango du hizpide, eta Ernaik Kapitalaren balioen eragina gazteongan mahai ingurua egingo du.