'Bihotz handiko' kulturzalea
Jose Mari Argoitia San Martin kazetari ondarrutarra atzo goizaldean hil zen, 58 urtegaz. Argoitiak Euskal Telebistan egin zuen lan hainbat urtez (26 urtegaz hasi zen), eta azken urteetan, Gaur egun eta Teleberri-n aritu zen. 90eko hamarkadan Ikuskaria ...
Izatez kazetaria bazen ere, musika, zinema eta literatura zale handia zela nabarmendu dute haren hurrekoek. Musika arloan, esate baterako, Itoiz musika taldearen hainbat kanturen hitzen egilea ere bada, eta idatzi zituen pop estilo borobileko testuek taldearen arrakastan lagundu zuten. Berak idatzitakoak dira taldearen kanturik ezagunetariko batzuk, besteak beste: Marea gora, Lo egin, To Alice, As noites de Radio Lisboa, Abar irratia, Flash begi batean…
Herriko hainbat talde esanguratsutan ere parte hartu zuen Argoitiak. Manuelistetako bat zen, eta Marabilli Sormen Festibaleko antolaketan ere parte hartu zuen hasiera-hasieratik. Kirmen Uribe Manuelistaren iritziz, hutsune handia lagako du taldean. «Pena handia dugu. Jose Mari, batez ere, zinemaz arduratzen zen. Bere ideia izan zen, esaterako, goizetako Matinea egitea, eta horren inguruko debatea sortzea. Jaialdiaren inguruan ideia asko izaten zituen; zein ekarri eta hori dena bideratzeko orduan. Ikuspegi zabala zuen, eta gai askoren inguruan oso pertsona jantzia zen. Egia esan, kultura arloan asko zekien pertsona zen, eta zinema, literatura edo musika mailan asko lagundu digu».
Marabilli Sormen Festibala antolatzen aritzeaz gain, herriko Zientziaren Giltzak elkarteko presidentea ere bazen Argoitia. Bera gabe elkartea «umezurtz» geratuko dela nabarmendu du Mario Feijoo elkarteko kideak. «Beraren falta asko igarriko dugu. Haize berriak ekarri nahi zituen Ondarroara, eta Zientziaren Giltzak elkartea, hein handi batean, berari esker sortu zen. Gaiak denon artean aukeratzen bagenituen ere, bera zen ideiak ematen ziguna. Beti ere, gauza freskoak eta pertsonaia interesgarriak ekartzen ahalegindu da antolatu ditugun hitzaldietara, eta berari esker, asko ikasi dugu eta pertsona interesgarriak ezagutzeko aukera izan dugu. Gure aldetik eskerrak eman nahiko genioke».