Talde trinkoa osatu aldera, boluntario bila dabil Herri Babesa
18 urtetik gora edukitzea, Bermeon bizitzea eta borondatea izatea dira eskatzen duten bakarra. Gura duenak Berhaz bulegora bertaratu beharko du izena emateraHerrian gertatutako egoera larri askori aurre egiteko gogor lan egiten dute Herri Babeseko kide...
18 urtetik gora edukitzea, Bermeon bizitzea eta borondatea izatea dira eskatzen duten bakarra. Gura duenak Berhaz bulegora bertaratu beharko du izena ematera
Herrian gertatutako egoera larri askori aurre egiteko gogor lan egiten dute Herri Babeseko kideek; hain zuzen ere, 30 urte daramatzate lanean. Bermeoko herriarentzat euren lana «ezinbestekoa» dela esan du zerbitzu- etako zinegotzi Benito Ibarrolazak. Hala ere, une honetan bost boluntario baino ez dira, eta talde trinko bat osatu asmoz, boluntario berriak bilatzeko kanpaina abiarazi dute.Herri Babeseko boluntario izateko 18 urtetik gora izatea, Bermeon bizitzea eta borondatea edukitzea dira bete beharreko baldintza bakarrak. Esperientzia izatea ez da beharrezkoa, boluntarioei formazioa eskaintzen dietelako. Jon Ojanguren Herri Babeseko koordinatzaileak azaldu duenez, «Besteren artean, boluntarioei suteen edota uholdeen aurrean nola jardun behar duten erakusten zaie, salbamendu txarrekin nola jardun behar den, biktimak nola artatu behar dituzten…, formazioa jasotzen dute. Esaterako, maiatzaren 9a baino lehen boluntario izateko izena ematen duten horiek suteak itzaltzeko oinarrizko ikastaroa jaso ahal izango dute Ordiziako Sueskolan».
Bakarka edo taldeka izena emateko aukera dagoela azaldu dute, «polita izango litzateke lagun taldeek izena ematea». Interesa duten herritarrek Berhaz bulegoan eman dezakete izena.
Zenbat eta gehiago hobeto
Dozena bat boluntario batzea «kopuru polita» litzatekeela azaldu dute; hala ere, zenbat eta gehiago izan «hobeto», diote. Boluntario izateak duen erakargarritasunik handiena, «norberari geratzen zaion sentimendua» dela dio Ander Oleaga boluntarioak.
Bermeoko Herri Babesak hainbat lan egiten ditu: «Bermeok ez du suhiltzaile talderik herrian, beraz, suhiltzaile boluntarioak gara; herriko ekimen guztietan parte hartzen dugu segurtasuna eta prebentzioa bermatzeko; Bermeon zein inguruko herrietan jende asko bilduko dituen ekimenetarako segurtasun arloko ahaolkularitza eskaintzen dugu; eta uholdeak eta elurteak daudenean egoera horiei aurre egiteko eta arriskuak ekiditzeko lan egiten dugu, beste hainbat gauzaren artean», azaldu dute.
Herri Babeseko kideek eta Ibarrolazak herritarrak animatu dituzte boluntario izatera: «Gauza asko ikasteko, herriaren alde lan egiteko eta esperientzia guztiz positiboak bizitzeko aukera edukiko dute animatzen diren horiek».