Munduko Gernikak gogoan
Bonbardaketaren 79. urteurrenean, munduan dauden Gerniketatik ihesi doazenen errefuxiatuak gogoratu zituzten egunean egin ziren ekitaldietako hizlariekGernikaren bonbardaketaren 79. urteurrenean, memoriaren sugarrak bizirik daudela erakutsi zuten atzo....
Bonbardaketaren 79. urteurrenean, munduan dauden Gerniketatik ihesi doazenen errefuxiatuak gogoratu zituzten egunean egin ziren ekitaldietako hizlariek
Gernikaren bonbardaketaren 79. urteurrenean, memoriaren sugarrak bizirik daudela erakutsi zuten atzo. Gaur egun oraindik munduan hainbat Gernika daudela, eta horiengandik ihesi doazen errefuxiatuen egoera gogoan izan zuten atzo.Gernikako bonbardaketaren berri mundu zabalean eman zuen George Steer kazetariaren omenaldian, gaur egungo gatazkak aipatu zituen haren semeak. «Nire aita bizirik balego, errefuxiatuek gaur egun bizi duten egoerari buruz idatziko luke», esan zuen.
Gernika Sariak banatzeko ekitaldian ere errefuxiatuak aipatu zituen Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak: «Gaur egun, azken 50 urteotan Europan izandako krisi humanitariorik larriena dugu. Milioi bat errefuxiatu baino gehiagok ihes egiten dute euren jatorrizko herrialdeetako pobreziatik eta gatazkatik. Horiek guztiak laguntza eske dagoz, bizitzeko gogoz. Gaur, Gernikatik, Europar Batasunari eskatzen diogu errefuxiatuei laguntzeko eta lepoa ez emateko».
Hilerrian egin zuten bonbardaketan hildakoen omenezko elizkizun eta lore eskaintzan ere errefuxiatuen egoera aipatu zuen Luis Iriondok: «Guk ihes egin behar izan genuen bezala, gaur egun beste batzuek ere gerratik ihesi datoz , eta guk mugak jartzen dizkiegu. Nik haien alde jartzeko eskatzen dizuet».
Gernika Sariak
Uruguaiko presidente ohi Jose Mujicak eta Francisco Etxeberria forentseak hartu dute aurten Gernika Saria. Bakearen eta berradiskidetzearen alde egindako lana aitortu diete biei, sari hori emanez.
Hain zuzen, mundu mailan giza eskubideen defentsan egindako lanagatik eta bizitza etiko eta zentzuzko baten mezua transmititzeagatik hartu zuen atzo saria Mujicak. Osasun arazoengatik ezin izan zuen atzo Gernikan egon, eta Iñigo Magunagoikoetxea kultura zinegotziak hartu zuen saria bere ordez.
Francisco Etxeberriak, aldiz, memoria historikoa berreskuratzeko egindako lanagatik hartu zuen saria. Lurpetik ateratako harkaitz bategaz hurbildu zen Gernika-Lumora. «Hilketak estaltzeko erabiltzen ziren harrietako bat da»esan zuen «pertsona ugari hil eta estaltzen saiatu ziren. Hobi komunetatik gorpuak berreskuratzen ditugunean, duintasuna berreskuratzen ari gara».