Herrian gertatutako
egoera larri askori aurre egiteko gogor lan egiten dute Herri Babeseko kideek; hain zuzen ere,
30 urte daramatzate lanean. Bermeoko herriarentzat euren lana “ezinbestekoa” dela esan du zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak. Hala ere, une honetan
bost boluntario baino ez dira, eta talde trinko bat osatu asmoz
boluntario berriak bilatzeko kanpaina abiarazi dute.
Herri Babesako kideak eta Benito Ibarrolaza
Herri Babeseko boluntario izateko
18 urtetik gora izatea,
Bermeon bizitzea eta
borondatea edukitzea dira bete behar diren baldintza bakarrak. Esperientzia izatea ez da beharrezkoa, boluntarioei f
ormazioa eskaintzen dietelako. Jon Ojanguren Herri Babeseko koordinatzaileak azaldu duenez, “Besteren artean, boluntarioei suteen edota uholdeen aurrean nola jardun behar duten erakusten zaie, salbamendu txarrekin nola jardun behar den, biktimak nola artatu behar dituzten…formazio ugari jasotzen dute. Esaterako, maiatzaren 9a baino lehen boluntario izateko izena ematen duten horiek, suteak itzaltzeko oinarrizko ikastaroa jaso ahal izango dute Ordiziako Sueskolan”.
Bakarka edo taldeka izena emateko aukera dagoela azaldu dute, “polita izango litzateke lagun taldeek izena ematea boluntario izateko”. Interesa duten herritarrek
Berhaz bulegoan eman dezakete izena.
Dozena bat boluntario batzea “kopuru polita” litzatekeela azaldu dute; hala ere, zenbat eta gehiago izan “hobeto”. Boluntario izateak duen erakargarritasunik handiena, “norberari geratzen zaion sentimendua” dela dio Ander Oleaga boluntarioak.
Bermeoko Herri Babesak hainbat lan egiten ditu: “Bermeok ez du suhiltzaile talderik herrian, beraz, suhiltzaile boluntarioak gara; herriko ekimen guztietan parte hartzen dugu segurtasuna eta prebentzioa bermatzeko; Bermeon zein inguruko herrietan jende asko bilduko dituen ekimenetarako segurtasun arloko ahaolkularitza eskaintzen dugu; eta uholdeak eta elurteak daudenean egoera horiei aurre egiteko eta arriskuak ekiditeko lan egiten dugu, beste hainbat gauzaren artean”, azaldu dute. Horiek guztiak egin ahal izateko, suhiltzaileen kamioi bat dute, lur orotarako bi ibilgailu, erremolkea, motozerrak, ura ateratzeko bonbak, eskalatzeko materiala, autobonbak…
Herri Babeseko kideek eta Ibarrolazak
herritarrak animatu dituzte boluntario izatera: “Gauza asko ikasteko, herriaren alde lan egiteko eta esperientzia guztiz positiboak bizitzeko aukera izango dute animatzen diren horiek”.
2013. urtean Hegaluze Saria jaso zuen Herri Babesak, “herriaren alde lan boluntarioa eta isila egiteagatik”.