Arratzuko udalak enplegua eta ongizatea bultzatzeko aurrekontuak onartu ditu
Landa Elkartegiaren bigarren fasea, zuntz optikoaren instalazioan hobekuntzak eta kirol zein kultur zerbitzuak garatzeko diru partidak bideratu dituzte
Herriko garapen ekonomikoa hobetzeko, Loiola auzoan kokatuko den Lan Elkartegiaren bigarren faserako 145.381 euroko aurrekontua bideratuko du udalak. “Herriko elkartegia enpresa ekimenak hartzeko eta enplegu aukerak sortzeko diseinatu eta sortu dugu; hori izan da legislatura honen helburuetariko bat. Bestalde, Elkartegiak tokiko garapen ekonomiko iraunkorra hobetzeko aukerak sortuko ditu”, adierazi du Arratzuko alkate Josu Olanok. Elkartegiaren irisgarritasuna hobetzeko 15.000 euroko inbertsioa egingo du udalak, aparkalekutik, elkartegira doan oinezkoen pasarela eraikitzeko.
Zuntz optikoaren instalazioan ere 54.217 euro inbertituko dituztela jakinarazi dute, herriko komunikazio zerbitzuak hobetzeko helburuagaz.
Herrian kirol zerbitzua eskaintzeko, aldiz, pilotalekuan kiroldegi bat egitea aurreikusi du udalak; eta Urdaibaiko Donejakue bidearen errreferente bihurtzeko eta dinamizazio turistikoa bultzatzeko aterpe baten eraikuntza ere jaso ditu aurrekontuetan. Horretara 20.000 euro bideratuko dituzte. Bestalde, herriko kultur eta kirol elkarteentzako diru laguntzen partidak 50.000 euroan mantenduko dituzte.
Zaborrak batzeko zerbitzuan 42.000 euroko inbertsioa egingo du Arratzuk, eta Santo Tomas elizaren errestaurazioarekin jarraitzeko diru partida ere gorde du.