25 urte beteko dira Ajangiz Gernika-Lumorengandik desanexioa lortu zuenetik, eta urteurren hori ospatzen ari dira ajangiztarrak. Eguerdi partean egin duten ekitaldi nagusia. Herritarrek eta herriko taldeek parte hartu dute. Besteak beste, esan dute 25 urte daramatzatela bidean, ekinean, suntsituz eta eraikiz, antolatuz eta eginez, eta amesten dituztenak eskuratuz. “Pausoz pauso, eskuz esku eta txikitik handira”, aipatu dute. “Gara izan ginelako, eta jarraitzen dugu izaten”, azpimarratu dute ekitaldian; ajangiztarrok ajangizar izaten jarritu gura dutela, alegia. “Gutariko bakoitza, erabakitzeko eskubidearekin, burujabetza batekin, izaera propioarekin eta, zelan ez, euskaratik eta euskaraz”, esan dute.
Herriaren gainean legerik ez erregerik ez dagoelako, ajangiztar izaera aldarrikatuko dute gaurko egunean. Ikurriña irudikatu dute Artzube dantza taldeko neskek, eta Ajangizentzat beren beregi egindako kantua ere abestu dute herritarrek. Gazte taldeak ere izan ditu hitz batzuk. Nondik datozen eta non dauden jakin badakitela esan dute herriko gazteek, eta etorkizuna beraiek direlako, aurerra egiteko prest daudela azpimarratu dute. “Herriarekin konprometitu eta beronen parte izan nahi dugu” , esan dute.
Herriko emakumeei ere aipamen berezia egin diete ekitaldi nagusian, eta ama direnen omenezko kantua abestu dute.
Brindisa egin ostean, bertso triki poteoa egin dute herritarrek, eta
egitarauak jarraipena izango du egun osoan.