Ajangizko desanexioaren urteurren jaialdia egingo dute zapatuan
Apirilaren 25ean izango da, egun osoa hartuko duen programarekin. Gernika-Lumotik desanexionatu zeneko XXV. urteurrena ospatzeko, egun berezia antolatu dute Ajangiztarrek, eta apirilean zehar egin dituzten ekintzekin bukatzeko jaialdia egingo dute zapatuan.
Barikuan liburutegian, gazteen asanblada egingo dute “Herria” gaia planteatuz.
Zapatuan berriz, 11:00etan hasita desanexioaren jaialdiari emango diote hasiera. Lehen ordutik, udal korporazioaren, Artzube dantza taldearen eta herritarrek emandako argazkiekin egindako kronograma, egongo dira ikusgai.
Jaialdian sukalkia prestaketa ere egingo dute. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurretik, bai Udaletxean edo Kultur Etxean, 946 251 913 eta 94 625 179 telefono zenbakietara deituz.
12:30etan ekitaldi orokorra egingo dute, herriak independentzia berriz lortu zuenetik egindako ibilbidea gogoratuz eta hilean zehar egin diren ekintzen xedea gogoratuz, belaunaldi ezberdineko herritarren hitzekin. Jarraian triki-bertso poteoa egingo dute, 14:30etan sukalkien aurkezpena egin aurretik. Ondoren bazkari herrikoia egingo dute herriko plazan.
18:00etan musika herrikoiak herriko plaza girotuko du, eta gaua modu dibertigarrian bukatzeko, karaokea egongo da Herriko Tabernan 21:00etatik aurrera.
Desanexio prozesua
Ajangizek 1991ean lortu zuen Gernika-Lumotik banatzea, 1947tik herri honetara lotuta egon ondoren.
1987an desanexio komisio eratu zen, herriaren independentzia berreskuratzeko asmoarekin. Hasiera batean Ajangizen mugek gaur egun Gernikan dagoen Errenteria auzoa ere hartzen zuten, muga Oka ibaian ezarriz. Hala ere 1985ean egindako erreferendumean, Errenteriako auzotarrek Gernika-Lumon gelditzea erabaki zuten. “Errenteria Gernikan gelditzeak tristura handia suposatu zuen ajangiztar askorentzat”, aitortzen du desanexio komisioan egon zen, Alicia Intxaustik.
Errenteriako auzotarrek hartutako erabakiak tira-bira asko sortu zituen desanexio prozesuan, baina azkenean 1990ko martxoaren 11an erreferenduma ospatu zuten, eta ajangiztarrek, zazpi botogatik, desanexioaren alde egin zuten. Hurrengo urteko urtarrilaren 1ean Ajangiz Gernika-Lumotik ofizialki banatu eta bakarkako ibilbideari ekin zion.
Gaur egun Ajangiz funtsean herri landatarra den arren, nekazaritza baserri gutxi batzuetara murriztu da. Bertako indaba, piper, fruitu eta txakolin nekazaritzari, abeltzaintza esplotazio txikiak batzen zaizkie. Horretaz gain herriko garapen ekonomikoa gune industrialean eta zerbitzu sektorean oinarritzen da, gaur egun.