Senide eta lagunek Gernikako Pasealekuan egin diote ondo etorri ekitaldia eguerdian. Busturialdeko zein Bizkaiko beste zenbait udalerrietako bizilagun asko batu dira Pasealekuko aterpean.
Jai giroan, gaurkoa Dominguez etxean aske dagoela ospatzeko eguna dela adierazi dute, eta hark eta haren kideek ereindako haziari esker gaur egungo egoerara heltzea lortu dela nabarmendu dute.
Halaber, oraindik ere kartzeletan dauden euskal presoen zein Euskal Herritik kanpo dauden iheslarien egoera salatu, eta haien etxeratzea eskatu dute.
Belaunaldi askotako herritarrak batu dira eguerdiko ekitaldian. Agurra dantzatzeaz gain, bertso eta musika doinu artean eman diote ondo etorria. Hala, haren lagunek txirigota bat ere antzeztu dute oholtza gainean, Pasealekuan zeudenen barre-algara artean.
Udalerriko gizarte eragile desberdinen ordezkarien opariak jaso ditu gernikarrak. Besteak beste, LAB sindikatuko, Sortuko, Geurerako zein Gazte Asanbladako ordezkariek hainbat oroigarri eman dizkiote. Tartean, Tasio marrazkilariak hark egindako karikatura bat oparitu dio.
Herri mugimenduen ordezkari moduan, Dominguezen belaunaldiko haren adiskide batek eta belaunaldi gazteagoko herritar batek hartu dute hitza. Gernikar preso ohiak gaztetatik herriari egindako ekarpena laburbildu dute, eta hura herritik kanpo egon den 11 urte hauetan udalerrian eta oro har, Euskal Herrian egoera politiko eta soziala zelan aldatu den gogora ekarri dute.
Halaber, Iñaki Zugadi preso ohiak ere hitz egin du ondo etorrian, eta euskal preso eta iheslarien etxeratzea eskatzeko bihar eguerdian Bilbon egingo den manifestaziora joateko dei egin du.
Ekitaldiaren amaieran, Dominguezek hitz egin du. Besteak beste, Angel Aldana erbestean hildako muxikarra izan du gogoan, eta baita gaur egun etxetik urrun dauden preso eta erbesteratuak, nahiz dispertsio hori jasaten duten euskal herritarren senide eta lagunak ere.
Pasealekuko ekitaldiaren ostean, ehunka lagun batu dira Astran bazkaltzen.
Otsailaren 25etik libre
Dominguez otsailaren 25ean irten zen Jaengo (Andaluzia, Espainia) kartzelatik. Egun hartan, gernikarrak berak deitu zien senitartekoei aske utziko zutela esanez, eta haren gertukoak berehala abiatu ziren espetxerantz.
2011ko ekainean, Frantzian, Modanen, atxilotu zuten Dominguez (Milan eta Paris lotzen dituen trenean zihoala). ETAko kide izatea leporatuta, Villepint-en espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak. Frantzian lau urteko kartzela zigorra bete ostean, 2014ko ekainaren 1ean Espainiaratu zuten.
Bi sumario zituen zabalik Espainian. 2010. urtean, Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Dominguez eta beste bost euskal errefuxiatu eta sei kolonbiar atxilotzeko agindua eman zuen, ETA eta FARC erakundeak harremanetan zeudelakoan.
Fernando Grande Marlascak ere Dominguezen aurkako sumarioa zabaldu zuen, ETAri laguntza ematea leporatuta.