Beste gudari biren gorpuzkinak aurkitu dituzte Etxebarrian
Domekan egingo dituzte Zelaietaburun, gorpuzkiak hobitik ateratzeko lanak Ahaztuen Oroimena eta Aranzadi elkartekoek. Omenaldia egingo zaie gudarieiAhaztuen Oroimena 1936 eta Aranzadi Zientzia elkarteetako kideek, gudari biren gorpuzkinak hobitik atera...
Domekan egingo dituzte Zelaietaburun, gorpuzkiak hobitik ateratzeko lanak Ahaztuen Oroimena eta Aranzadi elkartekoek. Omenaldia egingo zaie gudariei
Ahaztuen Oroimena 1936 eta Aranzadi Zientzia elkarteetako kideek, gudari biren gorpuzkinak hobitik ateratzeko lanak eramango dituzte aurrera, domekan, Etxebarriko Zelaietaburun. Joan den martxoaren 5ean, bertan egindako exhumazioan gudari baten gorpuzkinak berreskuratzea lortu zuten, eta Ahaztuen Oroimenako kideek jakitera eman dutenez, bere aldamenean, beste bi pertsonen gorpuzkinak aurkitu dira.Hobitik ateratzeko lanez gain, 11:30etan, «haien borrokaren oroimenean, haien duintasuna goraipatuz» omenaldia egingo zaie inguru haietan borrokatu zuten gudariei eta borrokalari antifrankista guztiei.
Testigantzei esker
Oroimenak sustrai sakonak dituela adierazi dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek , eta denbora iragan arren, 80 urte igaro arren, herritarren memoriari esker, egia azaleratu ohi dela diote. «Ez errepresioak ez diktadura luzeak ez zuen lortu mendian hobietan lurperatutako gudariak baztertuta ahazturan galtzea».
Testigantzen bidez jaso ahal izan du Lea-Artibaiko elkarteak Zelaietaburun gertatutakoa eta haien testigantzak beharrezkoak direla esan dute, hiru gudarien gorpuzkinak berreskuratzeko. «Bi familietako neba arrebek, horren berri izan dute etxean. Umetatik entzun eta ikusita Soarte baserriko Pilar eta Jose Mari San Martin neba arreben kasuan, eta beraien aitak kontatuta Ignazio eta Santi Retolaza anaien kasuan».
Ahaztuen Oroimenako kideek azaldu dutenez, hiru gudariak lurperatuta aurkitzen diren lubakia 1936ko irailaren azken egunetan egindakoa da, baina hobi bezala 1937ko apirilean erabili zutela uste da. «Hiru gudariak borrokaldi hauetako batean hildakoak edo atxilotu eta ondoren fusilatutakoak lirateke, beraien kideek 1936ko irailean egin eta erabilitako lubakian frankistek lurperatuak».
Erresistentzia gunea
Ahaztuen Oroimenak jakitera eman duenez, Zelaietaburun erresistentzia gunea antolatu zuten gudariek. Muinoa, 1936ko irailaren azken egunean altxamenduarekin bat egindako indar faxisten aurkakoen borrokarako gunea izan zen. «Zelaietaburutik ikus zezaketen nola beraien kideak erortzen ziren Belarretan, Ziardamendin, San Migelen (Aiastia), Morkaikon edo Lapion eta Urkaregin. Udaran, Gipuzkoa ekialdetik mendebaldera okupatzea lortu zuten eta Bizkaiko mugara iristen ari ziren golpea eman zuten militarren aldeko indar frankistak».
1937ko apirilaren bigarren hamabostaldian, hainbat borroka egon ziren Markinako sektorea deiturikoan. «Molak 1937k martxoaren azkenetan Bizkaiari errenditu zedin ohartarazi arren, gudari eta milizianoek borrokatzea erabaki zuten eta 1937ko apirilaren 19 eta 24 arteko egunetan azken ofentsiba burutu zuten. Ordurako baina, frankistak ondo antolatuta zeuden, egun batzuk lehenago iritsitako italiar soldaduekin osatutako Flechas Negras Brigada misto faxista Urkaregiko gainaren iguruetan zegoen».
Borrokaldi hartan, Euskitze Aiste inguruetatik zehar, Garro etxeetatik gora, Kortatxiki inguruetara arte, Zelaietaburu ondora arte sartzea lortu zutela jakin du elkarteak.