Ortu ekologikoen inguruko aurkezpena egingo dute domekan
Herritarrentzako ortu ekologikoen proiektua martxan da Munitibarren.Hain zuzen ere, Bengolako Natur Energia Interpretazio Zentroaren inguruan, 2.500 metro karratuko lursailean egongo dira ortuak.Udalak herritarrekin adostuko du proiektua zelan gauzatu,...
Hain zuzen ere, Bengolako Natur Energia Interpretazio Zentroaren inguruan, 2.500 metro karratuko lursailean egongo dira ortuak.
Udalak herritarrekin adostuko du proiektua zelan gauzatu, eta horretarako, Bengolako ortu ekologikoen inguruko aurkezpen batzarra egingo dute domeka honetan.
18:00etan hasita, udal aretoan bilduko dira udal ordezkariak eta herritarrak.
Udal ordezkariek, domekako batzarrean bizilagunekin adostuko dute zer landatuko duten, eta baita ortuen erabilerarako beharrezko materiala ere.
Halaber, egitasmoan parte hartzeko asmoa duten herritarren arabera banatuko dute lursaila.
Udaletik jakitera eman dutenez, dagoeneko jendeak interesa erakutsi du, eta beraz, aurkezpenean herritar asko batzea espero dute.
Gainera, domekan bertaratzerik ez dutenek, lan egunetan udalera deituta zein udal ordezkariekin harremanetan jarrita, izena eman eta proiektuaren inguruko informazioa eta azalpenak jasotzeko aukera izango dute. «Aurkezpenaren ondoren ere, pare bat astetan izena eman ahalko da».
Elikagai subirautza
Egitasmo honekin elikagai subirautza bultzatu nahi du udalak: «Herritarrek etxean ekoiztutakoa jateko aukera izan dezaten, eta bide batez, eremu horri erabilera eman nahi izan diogu». Izan ere, Munitibarren baserrietan bizi dira asko, baina, herriguneko etxebizitzetako herritar askok ez dute lursailik.