Konpostaren ikastaroa egingo dute bihar, Ziortza-Bolibarren
Etxean eta auzoan konposta egiteko kanpaina abiatu dute Ziortza-Bolibarren, eta bihar arratsaldean konpostaren inguruko ikastaroa egingo dute. Ikastaroa udaletxeko aretoan emango dute, 18:30etatik aurrera.Saio horretan parte hartzeko aurretik izena ema...
Saio horretan parte hartzeko aurretik izena ematea beharrezkoa da. Horretarako udaletxera joan edo deitu behar da: 946 165 727.
Etxean autokonpostaren bidez eta auzoan auzokonposta erabilita bilduko dute organikoa.
Auzokonposta udalerriko kanposantuaren beheko aparkalekuan ipini dute, beste edukiontzien alboan.
Udaletik jakitera eman dutenez, autokonpostagailuak ikastaroan bertan banatuko zaizkie herritarrei. Baita beharrezkoa den material guztia ere, doan.
Hala ere, barikuan bertaratzerik ez dutenek, udaletxean jaso ahalko dituzte autokonpostagailuak.
Etxean zein auzoan konpostatzeko ikastaroa egin behar da. Halaber, autokonposta egingo dutenek teknikarien bisita jasoko dute etxean.
Auzokonposta gunea, berriz, hilabetean behin bisitatuko dute teknikariek.
Udal ordezkariek kanpainan parte hartzera animatu dituzte herritarrak: «Sortzen dugun hondakin guztien erdia materia organikoa da, oso erraz birziklatzen dena konpostajearen bitartez, zabortegira edo erraustegira doazen hondakinak murriztea lortzen dugularik». Era berean, gogoratu dute soberakin organikoak konpost bihurtuta sortzen den ongarria nekazaritzarako eta lorezaintzarako erabilgarria dela.
Ziortza-Bolibarko udalak eta Lea Artibai Amankomunazgoak jarri dute martxan ekimena, eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza dute.