Pello Bilbao txirrindularia.
Gernikarra Caja Rural taldeko lehena izan da, eta baita lehen euskalduna ere.
Gasteiz (Araba) eta Lesaka (Nafarroa) artean 193,5 kilometroko ibilbidea egin dute gaur, eta Stephen Cummings txirrindulari britainiarra izan da lehena helmugan. Orica taldeko Simon Gerrans sartu da bigarren, eta Fabio Felline italiarra izan da hirugarrena.
Zenbait txirrindularik ihesaldia egin badute ere, Lesakara bidean pelotoiak harrapatu ditu eta sprintean erabaki da gaurko etapa. Bost ordu, minutu bat eta 57 segundotan egin dute ibilbidea.
Sailkapen orokorrari dagokionez, Bilbao 22.ena da, Mikel Landa liderrarengandik 37 segundora.
Atzo hamahirugarren
Atzo Markina-Xemeinen hasi eta Amurrion (Araba) amaitu zen etapan, hamahirugarren postuan sailkatu zen Caja Rural taldeko txirrindulari gernikarra, Mikel Landa irabazlearengandik hemeretzi segundora.
Bihar laugarren etapa
Euskal Herriko Itzuliaren laugarren etapa lehiatuko dute bihar. Nafarroan hasi eta Gipuzkoan amaituko da; Lesaka eta Orio artean 165 kilometro egingo dituzte txirrindulariek.