Gaztelugatxeko San Juanerako sarbideen «utzikeria» salatu du berriro Bermeoko Herri Babesak, eta EH Bilduk horren inguruan galdetu du Batzar Nagusietan
Iazko Aste Santuko oporraldiarekin alderatura, aurten, turismo datuek gora egin dute eskualdean. Busturialdeko bi herririk handienetako turismo bulegoek emandako datuen arabera, bisitari kopuruak gora egin du. Gernika-Lumo Turismo Bulegoak 2.534 bisitari hartu zituen, iaz baino %7,78 gehiago, eta Juntetxeak, berriz, 7.581 bisitari.
Bestalde, martxoaren 24tik 28ra bitartean, 1.184 bisitari eduki ditu Bermeoko Turismo Bulegoak, iaz baino %25 gehiago.
Bermeok eskaintza turistiko zabala eskaini du Aste Santuan. Aurten, gainera, berritasun bat eskaini dute; Gaztelugatxeko San Juanera joateko autobus zerbitzua eskaini baitute. Jakinarazi dutenez, 310 lagun izan dira zerbitzu hori erabili dutenak.
Gaztelugatxeko San Juan
Aita Guria baleontziak, martxoaren 24tik 26ra, 155 bisitari hartu zituen. Jakinarazi dutenez, Aste Santuko domekan eta astelehenean itxita egon zen, itsas baldintza txarrengatik.
Herriko ostatuetako datuak ere eman dituzte. Diotenez, jai egunetan ia %100eko betetze maila izan dute.
Jatetxeek, berriz, kasu gehienetan bazkari txanda bat baino gehiago eman zituztela adierazi dute, eta tabernak ere beteta egon ziren, egunez. Turismo aktiboari dagokionez, itsas irtenaldiek «oso harrera ona» eduki dute: «Itsasoko egoerak galarazi ez duenean, beteta egon dira», esan du turismo zinegotzi Irune Ormaetxeak.
Jatorri askotakoak
Gernikako turismo bulegoaren datuen arabera, Kataluniatik etorri dira turista gehienak, 491 bisitarirekin. Hauen atzetik madrildarrak (431) eta bizkaitarrak (283). Erkidegoko beste turistei dagokienez 186 gipuzkoar eta 114 arabar hurbildu dira Gernikako turismo bulegora. Atzerritarren artean alemaniarrak (54) eta frantsesak (30) izan dira nagusi. Guztira 2.534 turista zenbatu dituzte bulegoan. Bestalde, doakoak diren bisita gidatuetan 107 turistek hartu dute parte, antolatu diren lau ibilbideetan.
Urteko lehen hiruhilekoan 9.358 turistek bisitatu zuren bulegoa. Haietatik %16,46 Bizkai, Araba eta Gipuzkoatik zetozen. 5.365 bisitari Espainiako estatuko beste lurralde batzuetatik etorri ziren berriz, gehienak Kataluniatik eta Madrildik.
Gernika-Lumoko Batzar Etxea
Juntetxea erakargarri
Bere aldetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek 7.581 pertsona zenbatu dituzte Eguen Santutik apirilaren 3a arte. Bisitari kopuru honek, Bizkaiko bigarren gune turistiko bezala kokatzen du Juntetxea, Guggenheimen atzetik.
Datuok Gernikako Arbolaren egoitzaren erakargarritasunaren ikur dira. Izan ere, iaz bete zuen marka historikoan, Aste Santuko bost jaiegunetan bakarrik ia sei mila pertsona hurbildu ziren bertara.
Bizkaiko Batzarren eraikinera hurbildu zirenetatik, bakarrik %30 zetorren euskal lurraldeetako batetik, gainontzeko %70 Euskal Herritik kanpo zetorren. Haietatik erdia Espainiako estatuko beste erkidego batzuetatik zetozen. Gehiengoak katalanak, madrildarrek eta valentziarrek jarraituta. Hamarretik bi etorkin atzerritarrak ziren, gehienak frantziarrak eta alemaniarrak.
Etorritako turisten kopuruak adieraztera ematen du Batzar Nagusiak eta Gernikako arbola Bizkaia bisitatzen duten turistentzat interes handiko geralekua bilakatu dela.
Urdaibaiko biosfera erreserban kokatuta, Bizkaiko parlamentuak 100.000 bisitari baino gehiago jasotzen ditu urtean. Horrek Bizkaiko bigarren gune kultural erakargarriena bilakatzen du batzar etxea, Guggenheim museoaren atzetik.
Sarbideen egoera txarra
Bermeoko Udalak turismo iraunkorraren alde lan egiten jarraituko duela azaldu du Ormaetxeak. Era berean, Gaztelugatxeko San Juanek Bermeoko turismoa bultzatzeko eskaintzen dituen aukerak lantzen jarraituko dutela esan du: «Aukerak ondo aprobetxatzeko eta turismo iraunkorra bultzatzeko, gogor lan egin beharko dugu erakunde ezberdinen artean».
Bizkaiko lekurik bisitatuenetarikoa bada ere, Gaztelugatxerako sarbideen egoera kezkagarria dela dio Bermeoko Herri Babesak, eta utzikeria salatu dute beste behin ere. Aste Santuko oporraldian ere istripuak izan dira, pertsona bat, esate baterako, helikopteroz atera behar izan zuten. Herri Babesekoek dioetenez, «sarri gertatzen dira istripuak, eta ez dute irtenbiderik bilatzen. Zer gertatuko litzateke Guggenheimerako edota Arte Ederretako Museorako sarbideak harri soltez beteta egongo balira?».
Gaztelugatxeko San Juanerako sarbideetako bat
Bermeo-Bakio errepidetik Gaztelugatxera doan bideaz galdetu dio baita ere EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietako mahaiari. Aurrekontua eta egiteko epeak jakin gura zituzten, hain zuzen ere, eta Ekonomiaren eta Lurralde Garapenaren diputatuari zuzendatuko galdera izan zen. Bide horretako kontserbazio lanak egitea, baina, ez dagokiola sail horri erantzun zuten, «ez baitago foru errepideen inbentarioaren baitan».