Bertoko herrietatik ere indarkeria matxista salatzera joango dira zapatuan
Zapatuan Gasteizen egingo duten manifestazio nazionalera joateko doaneko autobusa antolatu dute Bermeotik
Indarkeria matxisten aurkako manifestazio nazionala egingo du zapatuan, Gasteizen, Euskal Herriko mugimendu feministak. 13:00etan abiatuko da, Bilbo plazatik, 11 eraso, 12 erantzun. Feministok Prest! lelopean. Hara joateko, autobusak antolatu du Sareginek Bermeoko Feministen sareak. Autobusa 10:30ean abiatuko da zapatuan, Erreten parketik. Joan gura dutenek Gizarte eta Kultura Etxean edota liburutegian eman beharko dute izena. Autobusak, Gernika-Lumon egingo du geldialdia. Hala, joan gura duten gernikarrek sareginek@gmail.com helbidera idatzita eman beharko dute izena.
Kaleak betetzeko gonbidapena egin dute antolatzaileek; «gure aliantzak erakusteko eta altu eta ozen eraso bakoitzaren aurrean egongo garela esateko prest gaude».
Zapatuko mobilizazioak hiru helburu dituela nabarmendu dute antolatzaileek: batetik, eraso matxistak gaitzestea; bestetik, «azkenaldian gertatzen ari den mugimendu feministaren kriminalizazioa» salatzea; eta azkenik, bortizkeriari buruzko hausnarketa sozial bat sustatzea.
Zapatukoa, baina, manifestazioa baino gehiago izango da; izan ere egun osoko egitaraua antolatu dute; antzerkia, herri bazkaria, kontzertuak eta beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte, hain zuzen ere.