Jende ugari ibili da asteburuan, bigarren eskuko azoketan
Arropak, oinetakoak, gerrikoak, jostailuak, poltsak… Hainbat eta hainbat izan dira asteburuan Mundakan eta Busturian eskuratu ahal izan diren produktuak. Izan ere, erabilitako gauzei irtenbidea ematea helburu, bigarren eskuko azokak egin dituzte bi herri horietan: zapatuan, Mundakan eta Busturian, berriz, domekan.
Azoken inguruan bi herrietan sortutako giroa “izugarria” izan zela azaldu dute antolatzaileek. Eguraldi onarekin, plazan batu ziren Mundakan, han jarri zituzten 17 salmahaiak. Mundakako bigarren eskuko azoka gero eta arrakastatsuago dela azaldu dute antolatzaileek, eta parte hartzeko itxaron zerrenda egoten dela diote. Hurrengo azoka udan egingo dute, hala ere oraindik ez dute data zehaztu.
Busturian, berriz, euri apur batekin hasi zen eguna. Hala, Altamirako elizaren arkupeetan jarri zituzten salmahaiak. Ateri zuenean, baina, askok plazara atera zituzten mahaiak. Lagun asko hurbildu zirela azaldu dute, eta berriro antolatzeko asmoa ere agertu dute.