Formatu berritua dakar aurten Bizkaiko Bertsolari Txapelketak (BBT), eta udaberrian ekingo diote txapelketari.
Hain zuzen, domeka honetan –apirilaren 10ean– jokatuko da lehen saioa, Berrizen. Sei bertsolari igoko dira oholtza gainera, eta hurrengo zazpi saioetan ere seiko taldeak kantatuko dute. Bederatzigarren saioak, aldiz, zortzi bertsolari batuko ditu. Bigarren saioa Bermeoko Kafe Antzokian izango da hilaren 18an.
Busturialdeko bertsolariak ere izango dira txapelketan. Hain zuzen, Ander Elortegi (Ea, -Natxitua-); Gurutz Uruburu (Muxika); Julen Erezuma (Gernika-Lumo); Julen Ibarguengoitia (Gernika-Lumo); Koldo Gezuraga (Gernika-Lumo); Mikel Retolaza (Busturia) eta
Asier Galarza (Muxika) izango dira Bizkaiko txapela lehiatuko dutenak. Guztira 56 bertsolarik eman dute izena udabarriko faserako. Horiek, puntuazioaren arabera sailkatuko dira udazkeneko faserako.
BBTk dakarren formatu berri honetan, udazkenean ere bertso saioak izango dira, abenduko finalera heldu aurretik. Urrian hasiko da bigarren fase hori, eta bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala edukiko ditu. Urrian hasiko diren kanporaketetan izango dira udabarrian sailkatutako bertsolariak eta noizbait finalista izandakoak. Guztira 30 lagunek parte hartuko dute. Finalaurrekoetan, berriz, 2014an finalista izandakoak batuko zaizkie.
Abenduan jokatuko den finalera zortzi bertsolari helduko dira.
Bi urterik behin antolatzen dute herrialdeko bertsolari txapelketa, eta orain arte eskualdeko kanporaketak egin izan dituzte udaberrian. Orain, baina, bestelako ekimenak bultzatu gura dituzte eskualdeetan, euren neurrira egindakoak. Busturialdeak 2015eko azaroan jokatu zuen eskualdeko bertsolari txapelketa, eta HITZAk
horren berri eman zuen.
Busturialdeko bertsolariak eta saioak:
- Ander Elortegi eta Julen Ibarguengoitia: Apirilaren 18an, Bermeoko Kafe Antzokian.
- Gurutz Uruburu: Apirilaren 23an, Erandion.
- Mikel Retolaza: Apirilaren 24a, Ondarroan.
- Koldo Gezuraga: Apirilaren 30ean, Derion.
- Asier Galarza: Maiatzaren 8an, Orozkon.
- Julen Erezuma: Maiatzaren 22an. Getxon.