Bermeoko udaletxeagatik galdetu du EH Bilduk Batzar Nagusietan
Apirilaren 11n hiru urte beteko dira Bizkaian azken hamarkadetako suterik larriena piztu zenetik. Orduko hartan Bizkaiko Foru Aldundiak egindako agintzak «ezerezean» geratu dira EH Bilduren ustez: «Horren ondorio da Bermeo oraindik udaletxe barik egotea».
Hori dela eta, Bizkaiko Batzar Nagusietako EH Bilduko batzarkideek udaletxea berreraikitzeko eta bigarren faseagaz hasteko Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusita dituen ekintzengatik galdetu dute. Hain zuzen ere, Lorea Bilbao Kultura era Euskara diputatuari luzatu diote galdera, hurrengo osoko bilkuran erantzun dezan.
Goizaldea zen Alde Zaharreko Nardiz Tar Jon kalean sua piztu zenean, eta Bermeoko Alde Zaharreko hainbat bizilagunek euren etxebizitzak nola erretzen ziren ikusi zuten. Sute horren ondorioz, bestalde, Bermeoko udaletxea ere «larriki» kaltetu zen. Ordutik, udaletxea ezin daiteke erabilli eta han zeuden zerbitzu guztiak Gizarte eta Kultura Etxera lekualdatu zituzten: idazkaritza, alkatetza, euskara saila, langileria eta jakinarazleak bertan aurki daitezke.
Eraikinak duen balore patrimonialagatik eta herritarrentzat toki adierazgarria delako, Bermeoko udaletxea herrian dagoen «eraikin garrantzitsuenetarikoa» da. Horregatik, EH Bilduren arabera, ezinbestekoa da berreraikitze lanekin hastea, ahalik eta arinen berreskuratu ahal izateko.
2015ean lehenengo fasea
Sutea gertatu eta ea bi urtera ekin zioten Sabino Arana enparantzan kokatuta dagoen udaletxea berreskuratzeko lanen lehenengo faseari. Lan horiek, aseguruaren eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusi gabeko gastuen ataletik emandako diruarekin finantzatu zituzten, hain zuzen ere.
Lehenengo fase horretan, besteak beste, eraikinaren teilatua berritu zuten, barruaren zati bat hustu eta eraikinaren egitura sendotu zuten.