Muxikarra zen Aldana. Gorozikan jaio zen, 1949. urtean, eta 70ko hamarkadaren amaiera Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. Konfinatuta izan zuten, deportatu egin zuten ostean.
Angel Aldana
Ekuadorrera lehenbizi eta Dominikar Errepublikara gero, baita Panamara ere. 1990. urteaz geroztik, Venezuelan zen Aldana. gaixotasun laarri baten ondorioz zendu zen, domekan. Sortuk doluminak adierazi dizkie Aldanaren senide eta lagunei, eta euskal deportatuen «egoera larria» salatu du. Gaur egun oraindik «ehunka» euskal herritar deportatuta, erbesteratuta edo Euskal Herritik at preso daudela gogora ekarri du eta egoera horrekin bukatzeko lan egingo duela nabarmendu du, «deportatu, erbesteratu, iheslari eta preso politiko guztiak etxera aske ekarri arte».
Torturatu egin zuten Ekuadorren
Aldana 1985eko urrian deportatu zuten Ekuadorrera. Quiton bizi zen Ekuadorreko bi poliziaren zaintzapean. 1986ko urtarrilean, Espainiako Poliziak atxilotu eta torturatu egin zituen Aldana eta Alfonso Etxegarai deportatuak.
Garai hartan ETAk bahituta zuen Pedro Guzman enpresari eta Athleticeko zuzendaritzako kidea. Aldanak eta Etxegaraik
Punto y hora de Euskal Herria-ri adierazi ziotenez, poliziek torturatu egin zituzten Guzman non zegoen jakiteko. Bi deportatuak erietxeratu egin zituzten, eta Poliziak 1986ko urtarrilaren 10ean askatu zuen Guzman.
Naiz.eus atariak dioenez, 1988an, Panaman zela, herrialde hura inbaditu zuten Amerikako Estatu Batuek. Orduan,
Juan Sebastian Laboa Vatikanoaren nuntzio apostoliko pasaitarraren egoitzan babestu zen Juanjo Aristizabal, honen emazte Jone Idigoras, Koldo Saralegi eta Juan Carlos Arriaran euskal deportatuekin, Laboak berak gonbidatuta. Hantxe gorde zen, halaber, Manuel Antonio Noriega generala, hain zuzen ere AEBek harrapatu nahi zutena. Enbaxada urtarrilaren 3ra arte militar estatubatuarrek inguratuta eduki zuten, Noriegak bere burua entregatu zuen arte.
Nuntzioak berak ondoren gestioak egin zituen euskal deportatuak herrialde «seguru» batera eramateko. Hala, 1990eko otsailean laurak Venezuelara eraman zituzten. 1996an Gobernu espainolak Aldanaren estradizioa eskatu zuen; 1999an atxilotu egin zuten eta ondoren aske utzi.