Iñigo Lezertua gidoilariak jasoko du Berdel Aipamena saria
Herria ezagutzera emateko egindako «ahaleginagatik» sarituko dute Lezertua. Berdel pintxo dastaketa herrikoia izango da 21. Berdel Eguneko ekimen nagusiaBerdel Egunaren atarian, gaur, 20:00etan, Berdel Aipamen saria banatuko da Mutrikuko udaletxeko a...
Herria ezagutzera emateko egindako «ahaleginagatik» sarituko dute Lezertua. Berdel pintxo dastaketa herrikoia izango da 21. Berdel Eguneko ekimen nagusia
Berdel Egunaren atarian, gaur, 20:00etan, Berdel Aipamen saria banatuko da Mutrikuko udaletxeko areto nagusian. Aurten, Iñigo Lezertua gidoilari mutrikuarra bihurtuko da sari banaketako protagonista, «herria ezagutzera emateko egin duen ahaleginatik».Izan ere, Mutrikuko eskabetxerak oinarri hartuta egindako Eskamak kentzen telesaileko lanari esker jasoko du sari preziatua Jose Angel Lizardi alkatearen eskutik. «Saioa hemen Mutrikun kokatzen da, eta horrekin batera, herriko irudiak asko zabaldu dira. Berak egindako ahalegin hori saritu nahiko genuke», nabarmendu dute sari emaileek.
15.000 pintxo
Apirilaren 2an, ordea, goi-goitik ospatuko dute berdelaren inguruko jai berezia. Antolatzaileek iragarri dutenez, 15.000 pintxo inguru banatuko dira Mutrikuko 21. Berdel Egunean.
Goizetik hasita, giro ezinhobea egongo dela aurreratu dute. 09:00etan hasita, herriko nekazarien eskutik, bertan ekoitzitako produktuak erosteko aukera egongo da Beheko Plazan egingo den azoka txikian. Kalatxori elkarteak antolatuta, aldiz, Mutrikuko XI. belaontzien txapelketa egingo da. Estropada 10:00etan hasiko da portuan.
Eguerdian, gainera, herriko tabernetan berdelarekin egindako pintxoak dastatzeko aukera egongo da. Kontsumizio bakoitzarekin berdel pintxo bat doan emango dute tabernariek. 13:00etan, aldiz, urteroko hitzorduari hutsik egin gabe Mutrikuko abesbatzetako kideak kantuan batuko dira Zabiel Plazan, marinel arropak soinean.
Hainbat eratara
Behin eguerdikoa egin eta gero, 18:00etatik aurrera, berdel dastaketa herrikoia egingo da portuan. Moila eta inguruetara hurbiltzen direnek ehunka boluntarioen eskutik berdela hainbat eratara jateko aukera izango dute, gehienak beroak.
Herritarrek, elkarte gastronomikoek eta jatetxeek prestatutako berdel pudina, berdel empanada, berdela ziza saltsarekin, berdela barazki eta bexamelarekin, berdel piperrada, berdel txaka, berdel errea eta berdel marmitakoa probatu ahal izango dira.
Pintxo horien artean, gainera, berritasunen bat edo beste ere badagoela adierazi dute antolatzaileek. Enpanada estreinako egingo da, eta berdel piperrada eta berdela ziza saltsan urte batzuk egin gabe egon eta gero, aurten berreskuratu egingo dira.
Pintxo dastaketa amaitu eta gero, The Uski’s taldeak kutsu marinela duten doinuekin girotuko du iluntzea, 19:30etik aurrera. Besteak beste, azken disko berriko kantak ekarriko dituzte moilako taula gainera.
Azkenik, eguna borobiltzeko, zesta-puntako II. Berdel saria jokatuko da Miruaitz pilotalekuan. Mutrikuko Danok Bateko pilotariek Markina-Xemeingo taldearen aurka jokatuko dute. Gazte mailan, Ekaitz Mendizabalek eta Mikel Manzisidorrek (Danok Bat), Gotzon eta Ibarluzearen (Markina-Xemein) aurka jokatuko dute, eta nagusi mailan, aldiz, Jon Goenagak eta Aitor Andonegik (Danok Bat), Urri eta Gandiagaren (Markina-Xemein) aurka jokatuko dute.