Dantzan ospatu dute eguna
Nabarnizeko frontoian bildu dira aurten Busturialdeko hainbat dantzari, Ereño eta Nabarnizeko dantzariak biltzen dituen Kabelinatxe taldearen eguna ospatzeko.Ereñoko eta Nabarnizeko ume eta gazteei euskal dantzak irakasteko asmoz sortu zuten Kabelina...
Nabarnizeko frontoian bildu dira aurten Busturialdeko hainbat dantzari, Ereño eta Nabarnizeko dantzariak biltzen dituen Kabelinatxe taldearen eguna ospatzeko.
Ereñoko eta Nabarnizeko ume eta gazteei euskal dantzak irakasteko asmoz sortu zuten Kabelinatxe dantza taldea. Urteak joan urteak etorri, Kabelinatxek bere eguna ospatzeko antolatzen duen saioa dantzari txiki eta gazteentzako plaza bilakatu da dagoeneko. Kabelinatxe eguna ospatzen dute martxoan, eta eskualdeko dantza taldeak ere gonbidatzen dituzte egun horretako ikuskizunean parte hartzera.Kabelinatxerekin batera, beste hiru dantza talde izan ziren domekan Nabarnizeko frontoian egin zuten saioan. Hain zuzen, Foruko Urdaibai, Ibarrangeluko Lorea eta Gernika-Lumoko Elai-Alaik parte hartu dute aurten Kabelinatxe egunean. 11:30ak aldera bildu ziren dantzariak, eta 12:00etan eman zioten hasiera saioari. Guraso eta herritarren begiradapean, Dantzari dantzak zabaldu zuen ekitaldia.
Agurra, zinta dantzak, makil txikiak, uztai handi, Ziekoko dantzak, Kortes, Artzaiak eta inudeak… Euskal Herriko hainbat dantzarekin gozatzeko aukera izan zuten han bildu zirenek. Amaitzeko, mahai gainekoa dantzatu zuten gaztetxoek, eta biribilketa erraldoi batekin atera ziren frontoitik.
Zozketa
Dantzak amaituta, frontoian bildu ziren dantzari eta ikusleentzako hamaiketakoa prestatu zuten Kabelinatxe dantza taldekoek. Ostean, trikipoteoa egin zuten, herriko tabernak doinu alaiekin girotuz.
Urtero egiten duten legez, egunean bertan zein aurreko asteetan saldutako errifen zozketa ere egin zuten domekan. Dantza taldea diruz lagundu asmoz antolatzen dute urtero zozketa Kabelinatxekoek. Aurten, bi sari zotz egin dituzte: bi lagunentzako gau bateko egonaldia alde batetik, eta bi lagunentzako afari bat, bestetik. Zenbaki saridunak ere jakitera eman dituzte Kabelinatxekoek. Hala, 0702 zenbakidunak irabazi du Ereñoko Arita-Berri jatetxean bi lagunentzako jana, eta ordezko zenbakia 0838 izan da.
Bi lagunentzako gau bateko egonaldia eta gosaria barne hartzen dituen ‘box’-a, aldiz, 0128 zenbakidunak irabazi du, eta 0227 litzateke ordezko zenbakia. Irabazleek 15 eguneko epea dute saria eskatzeko.